Txirrindularitza
2019tik aurrera
UCIk taldekako erlojupeko proba mistoa antolatuko du Munduko Txapelketan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hiru emakumezkok eta hiru gizonezkok osatuko dute talde bakoitza, eta selekzioka lehiatuko dira.
-
Sunweb hirugarren izan zen talde komertzialeka jokatu zen emakumezkoen erlojupekoan. Argazkia: EFE
Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) ostegun honetan jakitera eman duenez, 2019tik aurrera taldekako erlojupeko misto bat antolatuko du Errepideko Txirrindularitzako Munduko Txapelketan, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna bultzatze aldera.
Selekzioka jokatuko den erlojuaren aurkako proba hori Yorkshire hirian (Erresuma Batua) korrituko da lehen aldiz 2019an, eta aurten azken aldiz lehiatu den marka komertzialen taldekako erlojupekoaren lekua hartuko du.
Hiru emakumezkok eta hiru gizonezkok osatuko dute talde bakoitza. Lehendabizi, gizonezkoen hirukotearen txanda izango da, eta horien arteko bigarren txirrindularia helmugan sartzen denean ekingo diote emakumezkoek euren ibilbideari. Taldearen azken denbora emakumezko bigarren txirrindulariak proba amaitzen duenean zehaztuko da.
David Lappartient UCIko presidenteak azaldu duenaren arabera, selekzioen artean jokatuko den "taldekako erlojupeko mistoa azken urratsa da txirrindularitzan gizonezkoen eta emakumezkoen artean berdintasun gehiago egon dadin".
2019ko proba Harrogate hiriko zirkuituan korrituko da, eta 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetara sailkatzeko balioko du.