Itxi

Txirrindularitza

Paris-Roubaix 2019

Gilbertek zerua ukitu du 'iparraldeko infernuan'

Erredakzioa

Txirrindulari belgikarra Nils Polittekin batera iritsi da azken metroetara, eta alemaniarra gainditu du belodromoan.

1:29
Philippe Gilbert

Philippe Gilbertek (Deceuninck Quick Step) irabazi du 2019ko Paris-Roubaix klasikoa. Nils Polittekin (Katusha) batera sartu da belodromora, eta azken metroetan nagusitu da Gilbert. Belgikarrak irabazi du, beraz, lasterketa honen 117. edizioa.

Gilbertek 36 urte ditu, eta, 5 ordu, 58 minutu eta 4 segundo behar izan ditu 257 kilometroko Compiegne eta Roubaix arteko ibilbidea gainditzeko. Guztira, galtzada-harrizko 28 sektore pasa behar izan dituzte txirrindulariek. Iaz garaipena lortu zuen Peter Sagan (BORA) bosgarren izan da. Politt izan da bigarren, eta Yves Lampaert (Deceuninck Quick Step) hirugarren.

Palmares harrigarria du Philippe Gilbertek eta garaipen handi hau gehitu dio orain. Belgikarrak, garaipen bat du Liejan, bi Lombardiako Giro irabazi ditu, lau aldiz irabazi du Amstel Gold Racea, birritan izan da garaile Paris Toursean, eta behin irabazi ditu, Omloop, Flèche Wallone, Strade Bianche eta Donostiako Klasika.

Gilbertek bi urte zeramatzan garaipen handirik lortu gabe, baina itzuli eginda, eta nola gainera, klasika guztien ama dena irabazita.