Itxi

Txirrindularitza

Larunbat honetan

Bernal, Alaphilippe eta Valverde, Donostiako Klasikoa irabazteko faboritoak

Agentziak | Erredakzioa

Aurten, gainera, lehen aldiz jokatuko dute emakumezkoen lasterketa. Faboritoen artean Annemiek Van Vleuten 2019ko Italiako Giroko irabazlea dago.

1:32
Julian Alaphilippe, iazko irabazlea

Egan Bernal Frantziako Tourreko irabazlea, Julian Alaphilippe 2018ko Klasikako txapelduna eta Alejandro Valverde dira Donostiako Klasikoaren 39. edizioa irabazteko faboritoetako batzuk. Parte-hartzea goi mailakoa da, baita lehen aldiz jokatuko den emakumezkoen lasterketan ere. Bi probak zuzenean jarraitzeko aukera izango da ETB1en eta eitb.eus-en.

World Tourreko aintzatespen gorena duen lasterketak 227 kilometro gorabeheratsu izango ditu, eta oso aproposa da aipatutako hiru txirrindularientzat. Valverdek oso ondo ezagutzen duen ibilbidea da, izan ere, birritan irabazi du lasterketa eta hainbat alditan igo da podiumera.

Baina errepidean beste izen handi asko izango dira, gehienak Frantziako Tourretik etorritakoak: Adam Yates, Mikel Landa eta Greg Van Avermaet 2018ko UCI World sailkapeneko irabazlea, besteak beste.

Ibilbideak zazpi mendate ditu, azkena, Murgil Tontorra, helmugatik zazpi kilometrora. Aurreko urteetan bezala, lasterketako onenak bereiztuko dituen lekua izan daiteke, edo, baten batek bakarrean igoz gero, irabazlea erabaki dezakeena.

Emakumezkoak, lehen aldiz

Aurten, antolatzaileek abian jarri dute emakumezkoen lasterketa. Gizonezkoaren aurretik jokatuko da eta honek ere goi mailako partaidetza izango du, tartean Annemiek Van Vleuten 2019ko Giroko irabazlea.