Itxi

Txirrindularitza

2019ko Vueltako 11. etapa

Mikel Iturria urnietarrak garaipen handia lortu du Urdazubin

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Euskadi-Muriaseko txirrindularia ihes eginda heldu da helmugara, eguneko ihesaldian parte hartu eta gero. Etapako bigarrena beste euskaldun bat izan da: Jonathan Lastra bilbotarra.

0:53
Mikel Iturria

Mikel Iturria (Euskadi Murias) gipuzkoarrak bereganatu du Donapaleun (Nafarroa Beherea) hasi eta Urdazubin (Nafarroa) amaitu den Espainiako Itzuliko 11. etapa (180 km).

Urnietako txirrindularia (27 urte) bera bakarrik sartu da helmugan, eta haren atzetik 6 segundora helmugaratu da Jonathan Lastra (Caja Rural) bilbotarra, baita  eguneko ihesaldian parte hartu duten kideetako zenbait ere.

Iturria eta Lastrarekin batera Gorka Izagirre (Astana), Alex Aranburu (Caja Rural), Lawson Craddock (EF) edota Damien Howson (Mitchelton-Scott) egon dira ihesaldian sartuta, besteak beste.

Etapako irabazleak amaierara heltzeko 25 kilometroren faltan utzi ditu atzean iheskideak, aurretiaz aztertuta zeukan ibilbidean. Urrutitik egindako bere saiakerak arrakasta izan du azkenerako, nahiz eta jazarpen lanean atzetik zetozen txirrindulariek ia harrapatu egin duten helmugara iristeko kilometro bat besterik geratzen ez zenean.

Gaurko garaipena Iturriak profesionaletan erdietsi duen lehendabizikoa izan da.

Bere aldetik, tropel nagusiak lasaitasunez hartu du eguna (garaileak baino 18 minutu gehiago behar izan ditu ibilbidea osatzeko), eta ez da aldaketarik izan sailkapen nagusian.

Primoz Roglicek (Jumbo-Visma) jarraitzen du lehen tokian. Esloveniarraren ostean, Alejandro Valverde (Movistar) dago, 1:52ra. Hirugarren eta laugarren tokian, Superman Lopez (Astana) eta Nairo Quintana (Movistar) kolonbiarrak ageri dira, 2:11ra eta 3:00ra, hurrenez hurren. Bosgarrena, Tadej Pogacar (UAE) esloveniarra da eta 3:05eko atzerapena dauka bere herrikidearekiko.