Itxi

Txirrindularitza

Espainiako Itzulia (17. etapa)

Gilbertek irabazi du Guadalajaran, eta Quintana podiumerako lehian sartu da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Movistar taldeko txirrindulari kolonbiarra bigarren dago une honetan sailkapen nagusian, eguneko ihesaldian egon eta tropelari 5:19ko aldea atera eta gero.

1:21
Philippe Gilbert garaipena ospatzen.

Philippe Gilbert (Deceuninck-Quick Step) belgikarrak irabazi du Espainiako Itzuliko 17. etapa, hau da, aurtengo edizioan erdietsi duen bigarren garaipena, Bilbon lortutakoaren ondoren.

Aranda de Duero eta Guadalajara (219 km) lotu dituen jardunaldiak ez du lider aldaketarik ekarri. Ondorioz, Primoz Roglic (Jumbo Visma) esloveniarrak jarraitzen du elastiko gorria soinean duela; alabaina, Nairo Quintana (Movistar) kolonbiarrak sailkapeneko bigarren tokira egin du jauzi.

Gilbert (37 urte) izan da indartsuena eguneko ihesaldia osatu duten 26 txirrindularien artean, eta Sam Bennett (Bora) azpiratu du etapako azken metroetan. Hirugarren postuan Remi Cavagna (Deceuninck) sartu da.

Quintana hasieratik egon da aipatu ihesaldian sartuta, eta, azkenerako, hamalaugarren tokian helmugaratu da, irabazlearengandik 10 segundora.

Tropel nagusiak, ordea, Gilbertek baino 5:29 gehiago behar izan ditu ibilbidea osatzeko, eta, ondorioz, Quintanak hori baliatu du liderrarengandik 2:24ra kokatu eta sailkapen nagusiko bigarren postura igotzeko.

Hartara, Alejandro Valverde (Movistar) hirugarren dago sailkapenean orain, Roglicengandik 2:48ra. Atzerago daude Tadej Pogacar (Emirates) esloveniarra (laugarren, 3:42ra) eta Miguel Angel "Superman" Lopez (Astana) kolonbiarra (bosgarren, 3:55era).

Ostegun honetan, txirrindulariek lasterketako 18. etapa korrituko dute, Colmenar Viejo eta Becerril de la Sierra artean (177,5 km).