Itxi

Txirrindularitza

Taldearen oharra

Fabio Jakobsenek hobera egin du, eta Herbehereetara eramango dute

Agentziak | Erredakzioa

Deceuninck-Quick Step taldeak jakinarazi duenez, txirrindulari holandarrak beste pauso bat eman du bere sendatze-prozesuan eta asteazken honetan Holandako hospital batera eramango dute.

  • Fabio Jakobsen

    Fabio Jakobsen, 2019ko Vueltako esprint baten. Argazkia: EFE

Fabio Jakobsen txirrindulariak hobera egin duela jakinarazi du Deceuninck-Quick Step taldeak, eta gaineratu du Herbehereetako ospitale batera eramango dutela asteazken honetan.

Duela sei egun Poloniako Itzuliko lehen etapan eroriko larria izan zuen Jakobsenek, baina beste pauso bat eman du sendatzeko prozesuan, eta, hori dela eta, Herbehereetara itzuli ahalko da.

Iragan ostiralean koma egoeratik irten zen, eta bart ebakuntza egin zioten aurpegian. Hankak eta besoak mugitzeko gai da, baita medikuekin komunikatzeko ere; ondorioz, baztertu egin dute arazo neurologiko larririk izatea.

Ebakuntzaren eraginez, jatea eta hitz egitea erronka zaila izango da Jakobsenentzat, eta sendatzeko prozesua luzea izatea espero da. Herbehereetan osatu ahalko du errehabilitazioa asteazkenetik aurrera, Deceuninck-Quick Step taldeak adierazi duenez.

Dylan Groenewegenek bidea itxi zion esprintean eta hesien aurka jo zen. Ondorioz, Jakobsenek lesio larriak egin zituen burezurrean eta aurpegian, baita begi-zuloan eta masailezurrean ere.