Itxi

Txirrindularitza

Proventzako Tourra (4. etapa)

Bauhausek bereganatu du azken etapa eta Sosak sailkapen nagusia

A. A. | EITB MEDIA

Baharain taldeko txirrindulari alemaniarra izan da azkarrena azken esprintean. Sailkapen nagusian, Ivan Ramiro Sosa Ineos taldeko kolonbiarrak arazorik gabe eutsi dio lidergoari.

  • Ivan Ramiro Sosak irabazi du sailkapen nagusia.

    Ivan Ramiro Sosak irabazi du sailkapen nagusia. ETBren bideo batetik hartutako irudia.

Phil Bauhaus (Bahrain - Victorous) izan da azkarrena esprintean erabaki den Proventzako Tourreko laugarren eta azken etapan (Avignon eta Salon de la Proventza,  163,2 km). Txirrindulari alemaniarra lasterketako aurreko bi esprintak eskuratu zituen Davide Balleriniri (Deceuninck) gailendu zaio. Hirugarren Nacer Bouhanni (Team Arkea) frantziarra helmugaratu da.

Etapako beste protagonista nagusiak eguneko ihesaldian sartu diren lau txirrindulariak izan dira: Jérémy Leveau (Xelliss-Roubaix Lille Métropole), Tony Gallopin (AG2R Citroën Team), Luis Mas (Movistar Team) eta Andreas Leknessund (Team DSM). Hainbat kilometro eman dituzte ihesean, eta Masek bere kabuz ere egin du ahalegina, baina tropelak helmugarako bi kilometroren faltan irentsi du laukotea.

BIDEOA: Etapako azken 5 kilometroak

Sailkapen nagusiari dagokionez, ez da ezustekorik egon lehen postuari dagokionez; izan ere, Ivan Ramiro Sosa (Ineos) kolonbiarrak eutsi egin dio aurreko egunean, Mont Ventoux gainean jantzitako liderraren elastikoari, eta, hartara, berak irabazi du lasterketa.

Aitzitik, bigarren postuan aldaketa egon da, Julian Alaphilippek (Deceuninck) eguneko lehendabiziko esprint berezia baliatu baitu hiru segundoko gain-saria eskuratzeko, eta horrek Egan Bernalek (Ineos) zeukan bigarren postura igotzea balio izan dio.