Itxi

Txirrindularitza

UAE Tour, 6. etapa

Sam Bennett berriro nagusi esprintean, eta Pogacar, garaipen osotik pauso bakarrera

EITB MEDIA

Irlandako esprinterrak bere ibilbide profesionaleko 51. Garaipena erdietsi du. Bigarren Elia Viviani izan da, eta hirugarren, Pascal Ackermann.

1:34
Sam Bennett

Sam Bennett irlandarra (Deceuninck Quick Step) gailendu da UAE Tourreko seigarren etapan jokatutako esprintean, eta edizio honetako bere bigarren garaipena lortu du. Txirrindulariek 168 kilometroko ibilbidea egin dute Deira Island eta Palm Jumeirah artean. Tadej Pogacarrek (UAE Emirates) beste urratsa bat eman du sailkapen nagusia irabazteko bidean.

Bennett aise gailendu da, urrutitik eta faborito askorekin jokatutako esprintean, baina 2020ko Frantziako Tourreko maillot berdeak bere nagusitasuna erakutsi du eta bera izan da lehena helmugan 3 ordu, 32 minutu eta 24 segundoko denbora eginda.

Irlandarraren 51. garaipena izan da bere bizitza profesionalean. Bigarren Elia Viviani italiarra eta hirugarren Pascal Ackermann alemaniarra izan dira. Fernando Gaviria ere etapa irabazteko lehian sartu da, baina bosgarren egin du.

Sailkapen nagusirako lehian ari direnek, berriz, egun lasaia izan dute. Azken etaparen faltan, Tadej Pogacarrek arazo barik eutsi dio liderraren jertse gorriari. 45 segundoko aldea du Adam Yatesekin eta minutu eta 12koa Joao Almeidarekin.