Itxi

Txirrindularitza

Paris-Niza (7. etapa)

Roglicek hirugarren garaipena lortu du, etapa nagusia bereganatuta

A. A. | EITB MEDIA

Ion Izagirre 8. helmugaratu da, eta postu bat egin du behera sailkapen nagusian.

20:22
Primoz Roglic eta Gino Mäder

Primoz Roglic (Jumbo Visma) esloveniarrak ahalmena eta handinahia erakutsi ditu, eta Paris-Nizako zazpigarren etapa bereganatu du jardunaldiko azken metroetan eraso-kolpea jota. Esloveniarrak, hartara, bere ibilbide profesionaleko 50. garaipen partziala eskuratu du Le Broc eta Valdeblore La Colmiane artean (119,5 km) jokatu den etapa nagusian. Azken lorpen horri esker, bere lidergoa sendotu du.

Roglicek ia helmugako marran bertan zapuztu dio ibilbidea ordura arte lasterketa buruan zegoen Gino Mader (Bahrain) suitzarrari. Maderrek egun guztia eman du ihes eginda: lehenik, 13 txirrindulariko talde batean, eta, azken txanpan, bakarka.

Izan ere, edizio honetako etapa nagusia (lehen mailako bi mendate eta bigarren mailako beste bi zituen) hasi eta ia berehala 13 txirrindulari abiatu dira multzo handitik: Neilson Powless (EF-Nippo), Andrey Amador eta Laurens De Plus (Ineos Grenadiers), Alexey Lutsenko (Astana), Anthony Perez (Codidis), Julien Bernard y Kenny Elissonde (Trek-Segafredo), Thomas De Gendt (Lotto-Soudal), David de la Cruz (UAE), Sam Bennett eta Mattia Cattaneo (Deceuninck-Quick-Step), Dylan Teuns eta Gino Mader (Bahrain).

Helmugarako 35 kilometro falta zirenean, iheslarien taldea pixkanaka kideak galtzen hasi da, eta 1:10 inguruko abantaila zuen. Hala, azken igoeraren hasieran, Mader, Powless eta Elissondek osatutako hirukotea geratu da buruan. Talde handiarekiko zuten abantaila 45 segundokoa baino ez zen. Gerora, helmugatik 4 kilometrora, Maderrek estutu eta bakarrik alde egin du.

Suitzarraren aldea 40 segundo ingurukoa zen, eta egunean zehar egindako ahalegin handia etapa garaipenarekin biribiltzea amesten zuen. Baina ez du liderraren 'gosea' aintzat hartu; izan ere, helmugatik 1,4 kilometrora, erasoa jo du Roglicek, Max Schachmann (Bora-Hansgrohe) soilik zuela atzetik. Suitzarraren ihesaldia amaitzen ari zela zirudien, baina esloveniarraren geldialdi batek itxaropenez bete du berriz, eta azken kilometroan hamabost bat segundoko aldearekin sartu da.

Aitzitik, argi zegoen Roglicek 50. garaipen partziala nahi zuela, eta azken metroetan Schachmann atzean uzteaz gain, Mader gainditu du helmugara iristeko 10 bat metro falta zirenean. Suitzarra, azkenean, irabazlearengandik bi segundora sartu da. Handik bost segundora iritsi da Schachmann eta, zortzigarren postuan, hamabost segundora, Ion Izagirreren txanda izan da.

Orain, Roglicek 52 segundoko aldea dauka sailkapenean Schachmannekiko, eta 1:11ra dago Aleksandr Vlasov errusiarrarekiko (Astana). Ion Izagirre ormaiztegiarrak, berriz, koska bat egin du behera, eta orain laugarren postuan dago, 1:15era.

Lasterketa igande honetan amaituko da, Le Plan-du-Var eta Levens arteko 93 kilometroko zortzigarren etaparekin. Egunean zehar txirrindulariek bigarren mailako hiru mendateri egin beharko diete aurre.