Itxi

Txirrindularitza

Tirreno-Adriatico (6. etapa)

Würtz Schmidt daniarra izan da azkarrena ihesaldiko esprintean

A. A. | EITB MEDIA

Sailkapen nagusian ez da aldaketarik egon, beraz, Tadej Pogacarrek lidergoan ekingo dio azken erlojupekoari. Mikel Landak hirugarren postua defendatu beharko du.

1:30
Cinco corredores esprintan por la victoria en la sexta etapa.

Mads Würtz Schmidt (Israel Start-Up Nation) txirrindulari danimarkarrak irabazi du astelehen honetan Tirreno-Adriaticoko seigarren eta azken-aurreko etapa, Castelraimondo eta Lido di Fermo artean (169 km) jokatu dena, helmugara iritsi den ihesaldi bateko taldekideei gailenduta.

Danimarkako Tourreko erlojupekoa irabazi eta ia bost urtera, txirrindulari daniarrak garaipena bereganatu du, gainontzeko iheslariak esprintean menderatuz, horien artean, bosgarren izan den Movistar Team taldeko Nelson Oliveira portugaldarra.

Eguneko ihesaldiak sei kide izan ditu, baina Oliveirak Simone Velasco (Gazprom-RusVelo), Brent Van Moer (Lotto Soudal), Mads Würtz Schmidt (Israel Start-Up Nation) eta Jan Bakelants (Intermarché-Wanty-Gobert Matériaux) izan dira helmugara bat eginik heldu direnak, aurretik atzean geratu baita Emils-Liepins (Trek-Segafredo) letoniarra.

Ihesaldia 6 minutuko errenta izatera iritsi da tropelarekiko, eta, azkenean, minutu bateko aldearekin heldu da helmugara. Nahiko etapa lasaia izan da, ia ezustekorik gabekoa. Dena den, sailkapen nagusian hirugarren postuan kokatuta dagoen Mikel Landak (Bahrain) izan du ezusteko txiki bat bere bizikletarekin, baina ezerezean geratu da taldekideei esker.

Horrenbestez, igandean Mathieu van der Poel eta Tadej Pogacar liderrak emandako ikuskizunetatik oso aldenduta egon den jardunaldia izan da lasterketako seigarrena.

Hartara, Tirreno-Adriatico lasterketaren 56. edizioa asteartean amaituko da, San Benedetto del Tronton jokatuko den erlojupekoarekin (10,1 kilometro).

Ibilbide laua da eta laburra izango dute aurrez aurre txirrindulariek, eta ez da aparteko ezustekorik espero sailkapen nagusian, eta, ondo bidean, Pogacar esloveniar gazteak hartuko Simon Yatesen (Team BikeExchange) lekukoa lasterketako irabazle gisa. Izan ere, 1:15eko tartea dauka bigarren tokian kokatu dagoen Wout van Aert (Jumbo) herbeheretarrarekiko.

Landak, bere aldetik, hirugarren postua defendatu beharko du Egan Bernal kolonbiarraren (Ineos) aurka, eta horretarako 30 segundoko aldea du.