Itxi

Txirrindularitza

1. eta

Gianni Moscon, Alpeetako Tourreko lehendabiziko liderra

A. A. | EITB MEDIA

Pello Bilbao bizkaitarrak saiakera egin du amaierarako kilometro gutxira, jaitsiera batean, baina harrapatu egin dute, eta gainerako faboritoekin sartu da.

  • Gianni Moscon.

    Gianni Moscon. Argazkia: @Tourof_TheAlps

Gianni Moscon italiarrak (Ineos) bereganatu du Brixen eta Innsbruck artean jokatu den Alpeetako Tourreko lehen etapa, ibilbidearen azken zatian egindako eraso bikainarekin, (Austria). Hartara, liderraren lehen elastikoa jantzi du.

Mosconek sekulako indar erakustaldia egin du amaierara iristeko 3,8 kilometroren faltanjotako eraso kolpearekin. Idar Andersen norvegiarrak (Uno X) baino ezin izan du bakarrik harrapatu helmugara iritsi aurretik; alabaina, italiarrak kontraerasoa jotzeko gai izan da garaipena eskuratzeko. Aurreko bien ostean, Alexander Riabushenko UAE Emirates taldeko bielorrusiarra sartu da hirugarren postuan.

Egunean zehar hainbat saiakera egon dira, eta  Pello Bilbao (Bahrain Victorious) bizkaitarra ere saiatu da 14 kilometroren faltan, Axams mendatearen jaitsiera aprobetxatuz.

Italiako Giroa prestatzen ari den txirrindulari gernikarrak arrisku handia hartu du maldan beheran eta zuloa ireki du beste hiru iheskiderekin batera. Aitzitik, eguneko azken aldapan, helmugatik 4 kilometrora, tropelak irentsi egin ditu.

Orduantxe heldu da Mosconen txanda. Italiako erlojupeko txapelketa bi aldiz irabazitakoak bakarrik alde egin du, baina ezustean Andersen norvegiarra iritsi zaio bere parera.

Metro batzuk egin dituzte elkarrekin, baina Mosconek, aurkaria aztertu ostean, eta aurkariaren nekea baliatuta azken erasoaldi erabakigarria jo du, etapa irabazteko balio izan diona. Ondorioz, bigarren jardunaldian lidergoa defendatuko du, 121,5 kilometroko ibilbidean zehar.

 

1 - MOSCON Gianni (INEOS) 3:29:24
2 - ANDERSEN Idar (Uno-X) 0:00
3 - RIABUSHENKO Alexandr (UAE) 0:00
4 - FELLINE Fabio (Astana) 0:00
5 - SCHULTZ Nick (BikeExchange) 0:00
6 - BATTAGLIN Enrico (Bardiani) 0:00
7 - BRAMBILLA Gianluca (Trek) 0:00
8 - GUERREIRO Ruben (EF) 0:00
9 - TESFATSION Natnael (Androni) 0:00
10 - JANSE VAN RENSBURG Reinardt (Qhubeka) 0:00