Itxi

Txirrindularitza

ALPEETAKO TOURRA (3. etapa)

Mosconek bigarren garaipena lortu du eta Simon Yatesek lidergoari eutsi dio

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Pello Bilbao hirugarren postura igo da, etapan zortzigarren izan eta liderrari 48 segundoko aldea atera dion talde batean sartu eta gero.

  • Gianni Moscon eta Felix Grobschartner.

    Gianni Moscon eta Felix Grobschartner. Argazkia: @Tourof_TheAlps

Gianni Moscon (Ineos) italiarra esprintean gailendu zaio Felix Grobschartner austriarrari (Bora Hansgrohe), Imst eta Naturns artean jokatu den Alpeetako Tourreko hirugarren etapan, 162 kilometroko ibilbidea egin ondoren.

Mosconek (27 urte) bigarren garaipena lortu du lasterketan, lehendabiziko etapan ere bera nagusitu baitzen. Esfortzu biziko jardunaldia bete du Ineoseko txirrindulariak, hasierako ihesaldian sartu delako, jazarpenari eutsita, azkenerako Grobschartnerren aurretik igaro du eta helmugako marra, alde txikiarekin izan bada ere. Michael Storer (DSM) australiarra izan da hirugarren, segundo batera.

Jarraian, Pello Bilbao (Bahrain) zihoan txirrindulari talde bat heldu da, eta horrek sailkapen nagusian jauzi handia egitea ahalbidetu dio bizkaitarrari, 48 segundoko aldea atera baitio Simon Yates (BikeExchange) liderraren taldeari.

Dena den, britainiarrak ez du arazorik izan lidergoari eusteko; izan ere, 45 segundoko aldea ateratzen dio Pavel Sivakov (Ineos) errusiarrari eta 1:04 Pello Bilbaori.

Ostegun honetan 168,6 kilometro dituen laugarren etapa jokatuko dute, Naturns eta Pieve di Bono artean. Txirrindulariek puntuagarriak diren bi mendate igo beharko dituzte: batetik, 1. mailako Passo Campo Carlo Magno (14,4 kilometro, % 6ko batez bestekoarekin) eta, bestetik, helmugatik 8 kilometrora kokatuta egongo den 2. mailako Boniprati (9,1 kilometro, % 6,5ko batez bestekoarekin).

1 - MOSCON Gianni (INEOS) 4:04:25
2 - GROßSCHARTNER Felix (BORA) 0:00
3 - STORER Michael (DSM) 0:01
4 - FABBRO Matteo (BORA) 0:01
5 - DE MARCHI Alessandro (Israel) 0:01
6 - NIBALI Antonio (Trek) 0:01
7 - BIDARD François (AG2R) 0:01
8 - BILBAO Pello (Bahrain) 0:01
9 - SÁNCHEZ Luis León (Astana) 0:01
10 - PERNSTEINER Hermann Bahrain) 0:13