Itxi

Txirrindularitza

5. ekitaldia

Demi Volleringek bereganatu du Lieja, esprintean Van Vleuten menderatuta

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Anne van der Breggen taldekidearen lana aprobetxatu du iheslarien bostekoan nagusitzeko.

1:40
Demi Vollering eskuak altxatzen irabazle gisa.

Demi Vollering herbeheretarrak (SD Worx) irabazi du Lieja-Bastoña-Lieja klasikoaren 5. ekitaldia, Annemiek van Vleuten (Movistar) herrikidea esprintean gainditu eta gero, 140 kilometroko ibilbidean.

Volleringek (Zoetermeer, 24 urte) Anne van der Breggen munduko txapeldunaren talde-lana eta esprint-bideratzea aprobetxatu ditu helmugako marran gailentzeko, Van Vleuten eta Elisa Longo Borghini (Trek) italiarraren aurretik.

Hartara, gaurkoa lehen garaipen handia da Volleringentzat, askoren ustetan bere lagun Van der Breggenen ondorengoa izango dena. Denboraldi honetan loriatik gertu ibili da hainbat aldiz, bigarren izan baita Amstel eta Flecha Brabanzonan, bosgarren Flandrian eta seigarren Strade Bianchen.

Ohikoa denez, lasterketa azken 40 kilometroetan erabaki da. Belatzen harkaitzean (1,3 kilometro, % 11ko bataz bestekoarekin) Van Vleutenek erritmoa tenkatu du, eta bere joaren ondorioz, behin betiko ihesaldia osatu da bosteko batekin. Van Vleutenekin batera, Van der Breggen, Longo Borghini, Kasia Niewiadoma eta Demi Vollering zeuden.

Erasoaren helburua Marianne Vos herbeheretarra kanporatzea zen, eta lortu egin dute. Ondorioz, abantaila lortuta egin dute aurrera Van der Breggen eta Demi Volleringek, biak SD Worxekoak.

Van der Breggen lanerako zegoen, eta bere jarduna esprintean azkarragoa den taldekide baten zerbitzura jarri du. Volleringek bere lagunaren eskuzabaltasuna eta klasea aprobetxatu ditu, bigarren postuarekin konformatu behar izan duen Van Vleuteni gailentzeko.

Volleringek, hartara, Elizabeth Deignanen lekukoa hartu du, britainiarra izan baitzen joan zen urrian jokatu zen joan zen urteko ekitaldiaren irabazlea.

Euskaldunei dagokienez, Ane Santesteban (BikeExchange) 18. postuan helmugaratu da (1:59 minutura) eta Eider Merino 30. postuan (4:02).

Sailkapenak:

1 - VOLLERING Demi (SD Worx) 3:54:31
2 - VAN VLEUTEN Annemiek (Movistar) 0:00
3 - LONGO BORGHINI Elisa (Trek-Segafredo) 0:00
4 - NIEWIADOMA Katarzyna (Canyon) 0:00
5 - VAN DER BREGGEN Anna (SD Worx) 0:02
6 - VOS Marianne (Jumbo-Visma) 1:27
7 - MOOLMAN Ashleigh (SD Worx) 1:27
8 - LUDWIG Cecilie Uttrup (FDJ) 1:27
9 - BRAND Lucinda (Trek-Segafredo) 1:59
10 - SPRATT Amanda (BikeExchange) 1:59