Itxi

Txirrindularitza

3. etapa

Nairo Quintanak eskuratu du Asturiasko Itzulia

A. A. | EITB MEDIA

Lasterketako hirugarren eta azken etapa Pierre Latour frantziarrarentzat izan da.

  • Nairo Quintana, en el pódium final.

    Nairo Quintana, en el pódium final. Foto: EFE

Nairo Quintana kolonbiarrak, Arkea Samsic taldeko taldeburuak, irabazi du Asturiasko Itzulia. 36 segundoko aldea atera dio Antonio Pedrero kataluniarrari (Movistar) eta 54koa Pierre Latour frantziarrari (Total Direct Energie) behin betiko sailkapen nagusian.

Latourrek bereganatu du lasterketako hirugarren eta azken etapa, 125,3 kilometroko ibilbidea eginez Cangas del Narcea eta Naranco gainak elkartu dituena.

Frantziarra Alejandro Osorio (Caja Rural Seguros RGA) kolonbiarraren aurretik helmugaratu da, 2 segundoko aldearekin. Jarraian, 12 segundora, Victor de la Parte gasteiztarra (Total Direct Energie) eta Pedrero iritsi dira, Nairo Quintanarekin batera.

Kolonbiarrak lehen jardunaldian eskuratu zuen maillota Carabanzo gainean egindako erasoa medio. Biharamunean, lidergoa mantendu zuen Hector Carreterok (Movistar) irabazitako esprintean, Aceboko gaina gainditu ondoren, eta igande honetan bere nagusitasuna berretsi du erasoei eutsi eta Naranco mendatean amaitu den etapa aurreko taldetxoan amaitu eta gero.