Txirrindularitza
Hirugarren edizioa
'Superman' Lopezek irabazi du Mont Ventoux klasikoa
A. B. E. | EITB Media
Txirrindulari kolonbiarra nagusitu da Mont Ventoux Denivele Challenge lasterketan. Oscar Rodriguez izan da bigarren, eta Enric Mas hirugarren. Mikel Iturriak hamabosgarren postuan amaitu du.
-
Miguel Angel Lopez, Mont Ventoux klasikoaren irabazlea. Argazkia: @Movistar_Team
Miguel Angel Lopezek (Movistar Team) irabazi du Mont Ventoux Denivele Challenge klasikoaren hirugarren edizioa. Txirrindulari kolonbiarrak helmugarako 12 kilometro falta zirenean jo du erasoa eta garaipena erdietsi du.
Lau ordu, 30 minutu eta 4 segundoko marka ezarri du helmugan 'Superman' Lopezek, 153 kilometroko ibilbidea gainditu ostean. Oscar Rodriguez (Astana - Premier Tech) izan da bigarren 2'26"ra, eta Enric Mas (Movistar Team) hirugarren 2'33"ra. Laugarren postua Ben O'Connorrentzat (AG2R Citroën Team) izan da, eta bosgarren amaitu du Cristian Rodriguezek (Team Total Direct Energie).
Iturria, hamabosgarren
Lasterketa honetan Euskaltel - Euskadi eta Caja Rural -Seguros RGA taldeek parte hartu dute. Mikel Iturria (Euskaltel Euskadi) 15. izan da, Ander Okamikak (Burgos BH) 16. postuan amaitu du, eta Jhojan Garciarentzat (Caja Rural - Seguros RGA) izan da 18. postua. Lehen hogei sailkatuetatik kanpo geratu dira 22. izan den Garikoitz Bravo (Euskaltel - Euskadi), 23. postuan amaitu duen Julen Amezketa (Caja Rural - Seguros RGA) eta 24. izan den Jokin Murguialday (Caja Rural - Seguros RGA).