Itxi

Txirrindularitza

15. garaipena profesionaletan

Aberasturik garaipena lortu du Esloveniako Itzuliko hirugarren etapan

A. B. E. | EITB Media

Jon Aberasturi nagusitu da esprintean, Matej Mohoric eta Matteo Trentin mendean hartuta. Tadej Pogacarrek jarraitzen du lidergoan.

Jon Aberasturi

Jon Aberasturik (Caja Rural-Seguros RGA) irabazi du Esloveniako Itzuliko hirugarren etapa, ostiral honetan egin dena Brezice eta Krsko (165,8 km) artean, eta Tadej Pogacarrek (UAE-Emirates) lidergoari eutsi dio.

Aberasturik bere 15. garaipena lortu du profesional mailan, esprintean Matej Mohoric (Bahrain Victorious) eta Matteo Trentin (UAE-Emirates) mendean hartuta. Helmugan hiru ordu, 50 minutu eta 26 segundoko marka ezarri du euskal txirrindulariak, eta garaipenaren zaporea berriz dastatu du berriro, irabazi zuen azken etapa duela 286 egun lortu baitzuen Hungariako Itzulian.

Lasterketako lehen 30 kilometroak gainditu ostean sortu da eguneko lehen ihesaldia; zazpi txirrindularik osatu dute ihesaldia eta bertan egon da Jon Irisarri (Caja Rural-Seguros RGA). Zazpikoteak 75 kilometro iraun ditu lasterketaren buruan. Ondoren, helmugarako 62 kilometro falta zirenean sortu da bigarren ihesaldia, Jhonatan Restrepo (Androni), Jefferson Cepeda (Caja Rural-Seguros RGA) eta Sergio Araiz (Ken Pharma) txirrindulariekin. Geroago gehitu zaie Antonio Angulo Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia.

Tropelean Bahrain-Victorious taldea jarri da lanean. Helmugarako 18 kilometrora kokatuta zegoen Sremic mendatean Restrepok erasoa jo du, baina tropelak jada harrapatuta zituen ihesaldiko beste kideak, eta Restrepori ere ez dio alde egiten utzi. Rafal Majka (UAE-Emirates) eta Javier Romo (Astana Premier Tech) ere saiatu dira tropeletik ihes egiten, baina alferrik. Esprintean erabaki da etapako irabazlea, eta Jon Aberasturik erdietsi du garaipena.

Sailkapen nagusian Tadej Pogacar dago lehenengo postuan lasterketa bukatzeko bi etapa falta direnean; 1'24" abantaila du bigarren den Mohoricekiko eta Diego Ulissi da hirugarren, liderrarengandik 1'28"ra.

3. etapako sailkapenak:

1 - ABERASTURI Jon (Caja Rural) 3:50:26

2 - MOHORIC Matej (Bahrain) d. b.

3 - TRENTIN Matteo (UAE) d. b.

4 - MERTZ Rémy (Bingoal) d. b.

5 - AASKOV PALLESEN Jeppe (ColoQuick) d. b.

Sailkapen nagusia:

1 - POGACAR Tadej (UAE) 10:56:03

2 - MOHORIC Matej (Bahrain) +1'15"

3 - ULISSI Diego (UAE-Team) +1'26"

4 - SOBRERO Matteo (Astana) +1'33"

5 - SHAW James (Ribble Weldtite) +1'36"