Itxi

Txirrindularitza

Abuztuaren 1ean

Getxoko 76. Txirrindularitza Zirkuitua Bilbotik abiatuko da

EITB Media

Lehen aldia izango da lasterketaren irteera Getxotik kanpo kokatuko dela. Abiatu ondoren, tropela Getxora joango da.

  • Getxoko Zirkuitua

    Getxoko Zirkuitua

Getxoko Nazioarteko Txirrindularitza Zirkuituaren 76. edizioaren irteera Bilbon izango da, abuztuaren 1ean. Izan ere, lasterketaren antolatzailea den Punta Galea Txirrindulari Elkarteak akordioa egin du Bilboko Udalarekin, aurtengo lasterketaren abiapuntua Guggenheim museoko zelaigunea izateko. Abiatu ondoren, tropela Getxora joango da, eta bertan berreskuratuko du probaren bereizgarria den hiri zirkuitua.

Lehen aldia izango da lasterketaren irteera Getxotik kanpo kokatuko dela, antolakuntzaren aldetik "urrats bat gehiago eginez eraberritzeko, lasterketa sustatzen jarraitzeko modurik onena bilatzeko, hala nola jatorria alde batera utzi gabe harekiko interesa hedatzeko bere ahaleginean".

Astelehen honetan Getxon egindako agerraldian, Amaia Agirre Getxoko alkateak gogobetetasuna erakutsi du, "Bilboren laguntza izateagatik Getxoko Zirkuitua bezalako nazioarteko txirrindularitza proba batean, are nazioartekoagoa den hedapen plataforma bat eskaintzen baitigu".

Era berean, Mikel Guinea Punta Galea Txirrindulari Elkarteko presidenteak eskertu egin du Getxo eta Bilboren konpromisoa "gure egutegiko tradizio gehieneko probetako baten ibilbide berri honekiko". "Gure jatorri getxoztarra txertatu nahi dugu txirrindularitza bizkaitarraren tradizio luzean. Horregatik gure nahia litzateke hurrengo ediziotan esperientzia hau errepikatzea eta irteerak lurraldeko gune adierazgarrienetan ospatzea", gaineratu du.

Halaber, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esker ona adierazi die Getxoko alkateari eta Punta Galea Txirrindulari Elkarteari, "Bilbo proba historiko honetan barne hartu nahi izateagatik".