Itxi

Txirrindularitza

Abuztuak 15 - Irailak 5

Mikel Landak asmo handiko taldea izango du bere aginduetara Vueltan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Murgiako txirrindularia podiumera iritsi nahi duen Bahrain Victorius sendo baten babesarekin aurkeztuko da lasterketaren irteeran.

  • Mikel Landa Burgosko Itzuliko igoera batean

    Mikel Landa Burgosko Itzuliko igoera batean. Argazkia: EFE

Burgosko Itzulia irabazi ostean, Mikel Landa Bahrain Victorious taldearen lider gisa irtengo da datorren larunbatean Burgosko hiriburutik, Espainiako Vueltaren 76. edizioari hasiera emango dion erlojupekoan.

Landak (31 urte) talde sendoa izango du bere aginduetara, Santiagon, irailaren 5ean, amaituko den lasterketako podiumean toki bat lortzen laguntzeko prest.

Txirrindulari arabarrak eroriko larria izan zuen Giroan, eta, ondorioz, ezin izan zuen Frantziako Tourrean parte hartu. Hartara, Vueltara begira jarrita dabil geroztik, eta bertan Damiano Caruso eskalatzaile beteranoak, aurtengo Giroan bigarren egin eta 20. etapa irabaztetik datorrenak, eta lesioagatik Tourrik gabe geratu zen Jack Haigek babestuko dute.

Wout Poels ere itzuliko da Vueltara, iaz lehen hamarren artean amaitu ondoren. Aurten, sasoi onean dabil, eta uztailean zehar jokatu den Tourrean eskalatzaile onenaren maillota lortzeko lehian ibili da.

Gino Mäder eta Mark Padun gazteak ere arabarraren alde arituko dira, denboraldi honetan WorldTourreko probetan etapak irabazi dituzten txirrindulariak bial ala biak. Yuki Arashiro japoniarrak eta Jan Tratnik Esloveniako erlojupeko txapeldunak osatuko dute taldea.

Landak Burgosen lortutako garaipenak Bahrainen ilusioak areagotu ditu, Gorazd Stangelj zuzendariak azpimarratu duenez.

"Mikel Landa lider dela goaz Vueltara, Burgosen emaitza oparoa izan ostean. Proba podiumean amaitu nahi dugu, baina gure asmoa Vuelta irabaztea da, eta horregatik borrokatu nahi dugu", esan du entrenatzaileak.

Bosgarren Vuelta izango da Murgiakoarentzat, 2015etik ez baita bertan izan. Orduko hartan, 25. postuan amaitu zuen.