Itxi

Txirrindularitza

ESPAINIAKO ITZULIA (1. ETAPA)

Roglicek irabazi du atarikoa eta bera da liderra, bigarren izan den Alex Aranbururen aurretik

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Astanako txirrindulari gipuzkoarrak helmugako denborarik onena izan du tarte luzean, baina erlojupekoan azken tokian atera den esloveniarrak sei segundogatik gainditu du.

  • Primoz Roglic

    Primoz Roglic. Argazkia: EFE

Primoz Roglic (Team Jumbo-Visma) txirrindulariak irabazi du larunbat honetan 2021eko Espainiako Vueltako lehen etapa, Burgosen. Bertako katedralean hasi eta amaitu den 7,1 kilometroko erlojupekoan esloveniarra nagusitu da, Alex Aranburu (Astana-Premier Tech) gipuzkoarrari irabazita.

Roglicek sasoi betean dagoela erakutsi du erlojupeko tekniko batean, eta Aranburuk baino sei segundo gutxiago behar izan ditu ibilbidea betetzeko (8:32).

Bere aldetik, Mikel Landa (Bahrain-Victorious) arabarra doi-doi heldu da irteera gunera, eta ez du erlojupeko onik egin; izan ere, Roglicek baino 39 segundo gehiago behar izan ditu.

Adam Yates (INEOS Grenadiers) britainiarra ere lehenetarikoa izan da ateratzen, Landa bezala, eta bere denbora izan da tarte batez helmugan onena. Dena den, azkenerako esloveniarrak baino 20 segundo okerrago egin du. Aitzitik, garaipenaren aukeratik gertu egon dena Aranburu izan da. Ezkio-Itsasokoak hainbat txirrindulari ikusi ditu helmugatik igarotzen bere denbora ondu ezinda, irteera puntuan azkena izan den Roglic iritsi den arte.

Horrela, faborito nagusiak eta lasterketako egungo irabazleak itxura ezin hobea eman du hasieratik bertatik, eta, bide batez, lehen segundoak sartu dizkie aurkariei. Besteak beste, erlojupeko bikaina egin duen Enric Mas espainiarra (Movistar Team) 18 segundora geratu da. Bere taldekidea, Miguel Angel 'Superman' Lopez, 21era dago eta Richard Carapaz (Ineos) ekuadortarra, 25era. Bestalde, Egan Bernal kolonbiarrak (Ineos) garaileak baino 27 segundo gehiago behar izan ditu.

ETAPAKO ETA NAGUSIKO SAILKAPENA:

1 - ROGLIC Primož (Jumbo-Visma) 0:08:32

2 - ARANBURU Alex (Astana) +0:06

3 - TRATNIK Jan (Bahrain>) +0:08

4 - SCULLY Tom (EF) +0:10

5 - CERNÝ Josef (Deceuninck) d.b.

6 - VAN BAARLE Dylan (INEOS) +0:11

7 - BAGIOLI Andrea (Deceuninck) +0:12

8 - CRADDOCK Lawson (EF) +0:13

9 - MATTHEWS Michael (BikeExchange) +0:14

10 - VLASOV Aleksandr (Astana) d.b.

26 - RODRÍGUEZ Óscar (Astana) +0:23

27 - IZAGIRRE Ion (Astana) d.b.

29 - FRAILE Omar (Astana) d.b.

34 - IZAGIRRE Gorka (Astana) +0:25

46 - BERNAL Egan (INEOS) +27

88 - LANDA Mikel (Bahrain) +39