Itxi

Txirrindularitza

6. etaparen atarian

Vlasov liderrak eta Bahrain Victorious eta Alpecin-Fenix taldeek Suitzako Tourra utzi dute covid-19agatik

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Ostegunean Jumbo-Visma taldeak eta Adam Yatesek ere lasterketa utzi behar izan zuten positiboengatik. UAE Team Emirateseko Marc Hirschik eta Diego Ulissik ere etxerako bidea hartu dute, arrazoi berberarengatik.

  • Suitzak Itzuliko tropela

    Suitzak Itzuliko tropela. Argazkia: Efe.

Aleksander Vlasov Bora-Hansgrove Suitzako Tourreko bosgarren etapako irabazlea eta lasterketako lider berria ez da seigarren etapako irteeran izango koronabirusaren ondorioz. Bahrain Victorious eta Alpecin-Fenix taldeko txirrindulari guztiek ere lasterketa utzi behar izan dute euren taldeetan antzemandako positiboengatik.

Vlasovek positibo eman du Anton Palzer taldekidearekin batera. Bahrain taldeak ere lasterketa utzi duela konfirmatu du txirrindulari batek positibo eman ostean. Gauza bera gertatu zitzaion ostegunean Jumbo-Visma taldeari. Egun horretan ere, Adam Yatesek agur esan zion Suitzari, positibo emateagatik.

Alpecin-Fenix taldearen kasuan, bi positibo izan dira. "Erabaki zuzenena lasterketa uztea dela uste dugu zuzendaritzak eta osasun taldeak, txirrindulari eta langile guztien osasuna babesteko", adierazi dute sare sozialetan.

UAE Team Emirates taldean ere positiboak izan dira, Marc Hirschi suitzarrarena eta Diego Ulisi italiarrarena. Ondorioz, Joel Suter Hirschiren gelakidea ere lasterketatik atera dute probetan negatibo eman arren arazo gehiago saihesteko.