Itxi

Txirrindularitza

URRIAK 8, LARUNBATA

Pogacar, Vingegaard eta Alaphilippe, Il Lombardiako 116. edizioan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Tropeleko beste hiru izen ospetsuk ere parte hartuko dute klasikoan, hala nola Alejandro Valverdek, Vincenzo Nibalik eta Mikel Nieve nafarrak, besteak beste. Hiruek baliatuko dute Italiako klasikoa txirrindularitzan profesionalki aritzeari uzteko.

  • Tadej Pogacar

    Tadej Pogacar. Argazkia: EFE

Tadej Pogacar esloveniar eta 2021eko edizioko irabazlea, Jonas Vingegaard danimarkarra eta Julian Alaphilippe frantziarra izango dira, besteak beste, larunbat honetan Bergamo eta Como artean (253 kilometro) korrituko den Il Lombardia klasikoko txirrindulari entzutetsuetako batzuk.

Horiekin batera beste hiru izen propio ere izango dira bertan, txirrindulari profesional gisa azken lasterketa lehiatuko dutenak: Alejandro Valverde, Vincenzo Nibali eta Mikel Nieve.

Valverdek (42 urte) 20 denboraldi eman ditu bizikleta gainean goi-mailan. 2018an munduko txapeldun izan zen, 2009ko Espainiako Itzulia irabazi zuen, eta, besteak beste, 17 etapa garaipen lortutakoa da hiru itzuli handiak kontua hartuta (Giroa, Vuelta eta Frantziako Tourra).

Nibali ere han izango da agur esateko. Hiru handiak irabazi dituzten zazpi txirrindularietako bat da italiarra: 2010eko Vuelta, 2013ko eta 2016ko Giroak eta 2014ko Tourra. Proba berean, Mikel Nieve nafarrak ere (Leitza, 38 urte) albo batera utziko du bizikleta, 15 urteko ibilbide profesionalari amaierako puntua ipintzeko.

Aipatutakoez gain, beste txirrindulari ospetsu batzuk ere izango dira txirrindularitzako bost Monumentuetako bat den lasterketan, hala nola Enric Mas, Bauke Mollema, Jai Hindley, Daniel Felipe Martinez, Domenico Pozzovivo, Romain Bardet edota Damiano Caruso, antolatzaileek ohar baten bidez jakinarazi dutenez.