Itxi

Txirrindularitza

BRUGGES DE PANNE

Pfeiffer Georgi britainiarrak ezustean harrapatu ditu faboritoak Pannen

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Irabazleak 4 ordu, 17 minutu eta 4 segundo behar izan du ibilbidea osatzeko, batez beste 38,1 km/h-ko abiadura lortuta, eta 1 minutu eta 11 segundoko aldea atera dio 2. sailkatuari, Elisa Balsamo Italiako txapeldunari.

  • Pfeiffer Georgi, Bruges de Panneko irabazlea

    Pfeiffer Georgi, Bruges de Panneko irabazlea. Argazkia: @bruggesdepanne

Pfeiffer Georgi (DSM) britainiarrak bere garaipen garrantzitsuena lortu du ostegun honetan Brujas - Panne klasikoaren 6. edizioa irabaziz (163,1 km).

Ustekabeko" garaipena izan dela esan du Georgik helmugan, baina merezita irabazi du, probako ihesaldi erabakigarrian sartu baita, 10 kiderekin, tartean faboritoetako batzuk zirela. Gero, helmugarako 7 kilometro falta zirenean, erasoa jo du eta indarra izan du bera bakarrik Pannera iristeko. 1 minutu eta 11 segundoko aldea atera die Elisa Balsamo Italiako txapeldunari eta Lorena Wiebes (SD Worx) herbeheretarrari.

Georgi duela 22 urte jaio zen Berkeleyn, eta 2021ean bere herrialdeko txapelduna izan zen. Belgikako klasikoan, trebezia taktiko nabarmena erakutsiz, indarra baliatu du azken kilometroetan erakustaldia eman eta faborito nagusiak menderatzeko. 4 ordu, 17 minutu eta 4 segundoko denbora egin du helmugan, ibilbidea batez beste 38,1 km/h-ko abiaduran eginda.

Flandriako probaren gakoa helmugatik 61 kilometrora egon da, haizeak eta lasterketa buruan egindako mugimenduek tropela txikitu, eta 10 txirrindulari aurrean utzi baitituzte.

Han sartu dira Elisa Balsamo, Lorena Wiebes, Alice Barnes, Bossuyt, Van der Duin, De Wilde, Schweinberger, Georgi, Jastrab eta Dideriksen. UAEko txirrindulari bakar bat ere ez da sartu ihesaldian, eta Chiara Consonni bakarka saiatu da aurrekoak harrapatzen, baina ez da heldu.

Maila handiko 10 ziklista ziren, eta ondo konpondu dira ihesaldia sendotu arte. Eroriko batek Barnes eta De Wilde kanporatu ditu, azken horrek lesio larria egin du gainera, eta atzean geratu dira Van der Duin eta Scheinberger. Helmugatik 30 kilometrora, ihesaldiak 1:30 minutuko aldea zuen.

Lasterketa bukatzeko 7 kilometroren faltan, Pfeiffer Georgik aurrera jo du. Britainiarrak Megan Jastrab kidea zeraman ihesaldian, eta baliatutako estrategiak emaitza ona eman dio. Helmugatik 3 kilometrora, 30 segundoko aurrerapena zuen, eta atzetik zeuden txirrindulariak ez dira elkarrekin ondo moldatu iheslaria harrapatzeko. Azkenean, berak lortu du garaipena. Horrenbestez, Elisa Balsamoren lekukoa hartu du probaren palmaresean.