Txirrindularitza
Down Under Tourra 2025
Welsfordek Down Under Tourreko lidertza sendotu du, bigarren garaipena jarraian lortuta
EITB Media
Sam Welsfordek irabazi du Australiako lasterketako bigarren etapa, esprintean nagusituta. Australiako txirrindularia lehen etapan ere izan zen nagusi. Arne Marit izan da bigarren, eta Bryan Coquard, hirugarren.
-
Sam Welsford, Down Under Tourreko bigarren etapako irabazlea. Argazkia: @tourdownunder
Sam Welsford australiarra (Red Bull-Bora Hansgrohe) izan da protagonista nagusia Down Under Tourreko bigarren etapan. Etapa Tanundan hasi eta bukatu da, guztira, 128 kilometro egin dituzte txirrindulariek. Welsfordek erorikoa izan du lasterketaren lehen zatian, eta igoeretan gorriak ikusi ditu, baina tropel nagusian sartzea lortu eta etapa garaipena bereganatu du, esprintean nagusituta.
Hala, bada, bigarren etapa jarraian irabazi du Welsfordek. Horrez gain, are sendoago eutsi dio lidertzari bigarren etapako esprintean Arne Marit belgikarra (Intermarche - Wanty) eta Bryan Coquard frantziarra (Cofidis) menderatuta.
Sailkapen nagusian lehena da Welsford. Marit da bigarren, eta Matthew Brennan (Visma-Lease a Bike) hirugarren, liderrarekiko 14 segundora bi-biak.
2. etapako sailkapena:
1 - WELSFORD Sam (Red Bull) 3:01:22
2 - MARIT Arne (Intermarche) d. b.
3 - COQUARD Bryan (Cofidis) d. b.
4 - TEUTENBERG Tim Torn (Lidl) d. b.
5 - ANDRESEN Tobias Lund (Picnic) d. b.
Sailkapen nagusia:
1 - WELSFORD Sam (Red Bull) 6:27:40
2 - MARIT Arne (Intermarche) +0:14
3 - BRENNAN Matthew (Visma) d. b.
4 - KONRAD Patrick (Lidl) +0:15
5 - ZIMMERMANN Georg (Intermarche) d. b.