Itxi

Txirrindularitza

Andaluziako Itzulia

Diego Uriarte nafarrak garaipen handia lortu du Andaluziako Itzulian

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Kern Pharma taldeko txirrindulariak erasoa jo du 4. etapa amaitzeko bi kilometro falta zirenean, eta bakarka heldu da Alhaurin de la Torreko helmugara. Profesional gisa lortu duen lehendabiziko garaipena du.

1:18
Diego Uriarte helmugan sartu denean. EFE

Diego Uriarte Kern Pharma taldeko txirrindulariak irabazi du Andaluziako Itzuliko 4. etapa, Kordoba eta Alhaurin de la Torre (Malaga) artean lehiatu dena. Beste hainbat txirrindularirekin batera ia jardunaldi osoa ihes eginda eman eta gero, erasoa jo du etapa amaitzeko bi kilometro baino gutxiago falta zirenean, eta bakarka iritsi da helmugara. Profesional gisa lortu duen lehen garaipena du.

Pavel Sivakov (UAE Emirates) frantziarrak lider jarraitzen du, Clement Berthet (+23) eta Thomas Pidcock (+26) atzetik dituela. Itzulia igandean amaituko da, Linea de la Concepcionen (Cadiz).

Larunbat honetako etaparen hasieran, 14 txirrindulari ihesean joan dira: Callum Scotson, Jorge Arcas, Welay Hagos, Connor Swift, Emil Liepins, Alan Jousseaume, Zen Kyffin, Joel Nicolau, Tobias Johannessen, Toon Clynhens, Sebastian Berwick, Danny van der Tuuk, Mario Aparicio eta Diego Uriarte nafarra.

Inor ez zen arriskutsua sailkapen nagusiari begira, eta, horrenbestez, UAEk ez du aparteko ahaleginik egin ihesaldia behera botatzeko.

Helmugarako 15 kilometroren faltan, iheslariek bost minutuko aldea zutenean, 14ko taldea seikote bilakatu da: Connor Swift (Ineos), Danny Van der Tuuk (Euskaltel), Alan Jousseaume (TotalEnergies), Callum Scotson (Decathlon AG2R), Sebastian Berwick (Caja Rural- Seguros RGA) eta Diego Uriarte (Ken Pharma).

Talde horretan azkarrenak Swift eta Scotson zirela kontuan hartuta, Uriartek erasoa jo du helmugatik kilometro bat eta 800 metrora zeudenean, eta ezustean harrapatu ditu iheskideak.

Atzera begiratu gabe, aurrera egin du kemen handiz. Atzean ez dira ados jarri, eta horrek konfiantza eman dio txirrindulari nafarrari balentria egiteko. Helmuga bakarka zeharkatu du, eta bere palmaresa estreinatzeko garaipena bereganatu du.

Alan Jousseaume eta Connor Swif izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, bederatzi segundora. Tropela 4 minutu eta 32 segundora helmugaratu da. 

4. ETAPAKO SAILKAPENA

1.- URIARTE Diego (Kern Pharma) 4:07:21

2.- JOUSSEAUME Alan (TotalEnergies) +0:09

3.- SWIFT Connor (INEOS) d. b.

4.- SCOTSON Callum (AG2R) d. b.

5.- BERWICK Sebastian (Caja Rural) d. b.

6.- VAN DER TUUK Danny (Euskaltel-Euskadi) +0:16

7.- BERHE Welay Hagos (Jayco) d. b.

8.- JOHANNESSEN Anders Halland (Uno-X) d. b.

9.- LIEPINŠ Emils (Q36.5) d. b.

10.- ARCAS Jorge (Movistar) +0:26

SAILKAPEN NAGUSIA

1.- SIVAKOV Pavel (UAE) 15:44:59

2.- BERTHET Clément (Decathlon) +0:23

3.- PIDCOCK Thomas (Q36.5) +0:26

4.- VAN GILS Maxim (Red Bull) +0:59

5.- WELLENS Tim (UAE) +1:03

6.- SOLER Marc (UAE) +1:35

7.- CRAS Steff (TotalEnergies) +1:42

8.- HOELGAARD Markus (Uno-X) +2:41

9.- STAUNE-MITTET Johannes (AG2R) +2:43

10.- PRODHOMME Nicolas (AG2R) +3:02