Itxi

Txirrindularitza

Andaluziako Itzulia

Jon Barrenetxeak irabazi du Andaluziako Itzuliko azken etapa

EITB MEDIA

Sailkapen nagusiari dagokionez, Pavel Sivakov izan da onena, eta UAE Emirates taldeko txirrindulari frantziarrak eraman du Andaluziako Itzulia.

1:14
Jon Barrenetxea

Atzo Diego Uriarte nafarrak hasitako bideari Jon Barrenetxea bizkaitarrak eman dio jarraipena gaur. Movistar taldeko euskaldunak irabazi du Andaluziako Itzuliko bosgarren eta azken etapa. Sailkapen nagusiari dagokionez, Pavel Sivakov (UAE Emirates) txirrindulari frantziarra gailendu da. 

Azken etapa Benahavis (Malaga) eta La Linea de la Concepcion (Cadiz) udalerrien artean lehiatu da, eta txirrindulariek 172 kilometroko ibilbidea egin behar izan dute.

Barrenetxeak ausart jokatu du, eta eguneko ihesaldian sartu da, hogei bat txirrindularirekin batera. Madroño lehen mailako mendatearen gainera iritsi orduko, baina, talde handi hori seikote bilakatu da: Johannes Staune-Mittet, Tobias Halland Johannessen, Thomas Gachignard, Giovanni Carboni eta Iker Mintegi eta Jon Barrenetxea euskal herritarrak.

Helmugarako sei kilometro falta zirenean, Iker Mintegik eta Thomas Gachignardek erorikoa izan dute, Giovanni Carboni atzean geratu da eta Barrenetxeak aurrean segitu du, Johannes Staune-Mittet eta Tobias Halland Johannessen norvegiarrekin batera.

Hirurak elkarri begira sartu dira azken kilometroan, mesfidati. Helmugatik 200 bat metrora, Johannessenek jo du erasoa, Barrenetxeak ondo eutsi dio eta eskuinaldetik hartu dio aurrea, etapa bereganatzeko.

Andaluziako Itzulia Pavel Sivakovek irabazi du. Bigarren etapan jantzi zuen liderraren maillota, eta harrezkero ez du erantzi.

Pavel Sivakovek irabazi du Andaluziako Itzulia.

Pavel Sivakovek irabazi du Andaluziako Itzulia.

5. ETAPAKO SAILKAPENA

1.- BARRENETXEA Jon (Movistar) 3:55:34

2.- JOHANNESSEN Tobias Halland (Uno-X) d. b.

3.- STAUNE-MITTET Johannes (AG2R) +0:02

4.- CARBONI Giovanni (Unibet Tietema) +0:12

5.- GACHIGNARD Thomas (TotalEnergies) +0:18

6.- VAN GILS Maxim (Red Bull-BORA) +0:31

7.- TURNER Ben (INEOS) d. b.

8.- FOLDAGER Anders (Jayco) d. b.

9.- NAESEN Oliver (AG2R) d. b.

10.- PIDCOCK Thomas (Q36.5) d. b.

SAILKAPEN NAGUSIA

1.- SIVAKOV Pavel (UAE) 19:41:06

2.- PIDCOCK Thomas (Q36.5) +0:23

3.- BERTHET Clément (Decathlon) d. b.

4.- VAN GILS Maxim (Red Bull) +0:56

5.- WELLENS Tim (UAE) +1:03

6.- SOLER Marc (UAE) +1:40

7.- CRAS Steff (TotalEnergies) +1:42

8.- STAUNE-MITTET Johannes (AG2R) +2:11

9.- HOELGAARD Markus (Uno-X) +2:38

10.- PRODHOMME Nicolas (AG2R) +3:02