Itxi

Txirrindularitza

5. etapa

Lenny Martinez nagusitu da Cote de Notre-Dame-de-Sciezen, eta Jorgenson berriro jarri da lider, Paris-Nizan

EITB MEDIA

Bahrain-Victorious taldeko txirrindulari frantziarra izan da indartsuena probako bosgarren etapako azken igoeran. Jonas Vingegaardek erorikoa izan du, eta sailkapen nagusiko lehen postua galdu du; orain, bigarren postuan dabil, Matteo Jorgenson taldekidearekiko 22 segundora.

6:15
Lenny Martinez. Irudia: EITB MEDIA

Lenny Martinez Bahrain-Victorious taldeko txirrindulari frantziarrak irabazi du 2025eko Paris-Nizako bosgarren etapa, Cote de Notre-Dame-de-Sciezen, ostegunean, eta Matteo Jorgenson Visma-Lease a Bike taldeko ziklista estatubatuarrak, 2024ko Paris-Nizako irabazlea bera, sailkapen nagusiko aurreneko postua berreskuratu du. Jorgensonek, orain, 22 segundoko aldea du Jonas Vingegaard taldekidearekiko; danimarkarrak erorikoa izan du etapan, eta maillot horia galdu du.

Martinezek, 21 urtekoa bera, lehenengo garaipena eskuratu du 2025eko denboraldian, alegia, Bahrain taldean hasi denetik; izan ere, 2024ra arte Groupama-FDJn aritu da. Txirrindulari frantziar gaztea igoeretan da bereziki trebea, eta bikain gailendu da; sailkapen nagusian, halaber, bosgarren kokatu da, Jorgensonekiko 55 segundora.

Vingegaard jausi egin da etapan, eta ezpainean zauritu da. Danimarkarrak ezin izan du onenen parean ibili, azken igoeran. Vismak, hala ere, sailkapen nagusiko lehenengo bi postuak ditu, oraindik, eta, Paris-Niza amaitzeko hiru etapa gelditzen direla, Herbehereetako taldeak aukera handiak ditu lasterketa berriro ere eskuratzeko.

Ostiralean, seigarren etapa jokatuko dute; horrek 209,8 kilometro izango ditu, Saint-Julien-en-Saint-Albanen hasiko da, eta Berre l'Étangen amaitu. Zaleek zuzenean ikusi ahalko dute, EITBn: 14:45etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB4n, eta, 15:20tik aurrera, telebistari dagokionez, ETB1en.

Etapako sailkapena

1 - MARTINEZ Lenny (Bahrain) 4:36:23

2 - CHAMPOUSSIN Clément (Astana) + 0:03

3 - JORGENSON Matteo (Visma) d. b.

4 - TEJADA Harold (Astana) d. b.

5 - LIPOWITZ Florian (Red Bull) + 0:06

6 - ALMEIDA Joao (UAE) + 0:07

7 - MCNULTY Brandon (UAE) + 0:11

8 - VAN WILDER Ilan (Soudal) + 0:16

9 - SHEFFIELD Magnus (INEOS) d. b.

10 - PARET-PEINTRE Aurelien + 0:18

Sailkapen nagusia

1 - JORGENSON Matteo (Visma) 16:27:26

2 - VINGEGAARD Jonas (Visma) + 0:22

3 - LIPOWITZ Florian (Red Bull) + 0:36

4 - ALMEIDA Joao (UAE) + 0:40

5 - MARTINEZ Lenny (Bahrain) + 0:55

6 - SKJELMOSE Mattias (Lidl) + 0:57

7 - MCNULTY Brandon (UAE) + 1:05

8 - ARENSMAN Thymen (INEOS) + 1:14

9 - CHAMPOUSSIN Clement (Astana) + 1:22

10 - TEJADA Harold (Astana) + 1:24