Txirrindularitza
Ardenetako klasikoa
Pogacarrek bere hirugarren Lieja eskuratu du bakarkako beste erakustaldi batekin
EITB MEDIA
26 urteko txirrindulariak hirugarrenez irabazi du Lieja, denboraldiko 7. garaipena eta bere palmareseko 95.a eskuratzeko.
-
Tadej Pogacar garaipena ospatzen. Argazkia: EFE.
Tadej Pogacar (UAE) esloveniarrak erakustaldia eman du Lieja-Bastogne-Lieja lasterketaren 111. edizioa irabazteko, 252 kilometroko ibilbidean nagusituta.
26 urteko txirrindulariak hirugarrenez irabazi du proba, denboraldiko 7. garaipena eta bere palmareseko 95.a eskuratzeko.
Pogacar sei ordu behar izan ditu helmugaratzeko. Ondoren, 01:03ra, Giulio Ciccone (Lidl Trek) italiarra eta Ben Healy (EF Education) irlandarra iritsi dira, podiuma osatzeko.
Bastogneko lehen gainak igo ahala, iheslarien taldeak kideak galdu ditu bidean. Faboritoen artean, dena kontrolpean zegoen helmugarako 80 kilometroren faltan, eta UAE zen nagusi. Hala ere, Pello Bilbaoren Bahrainen azelerazioak erabaki du abentura.
Lidl Trek taldea lasterketa lehiatzen tematu da Desniera bidean. UAEk erreakzionatu egin du, Pogacar aurrean zuela, Redouten bereak mugitzeko.
Domen Novak taldekide eta herrikideak lan bikaina egin ostean, munduko txapeldunak bere hordagoa bota du Redouten, helmugatik 35 kilometrora. Inork ezin izan dio jarraitu, ezta Remco Evenepoelek ere, bere aurkariaren lehen zartakoari erantzun ezinik. Atzetik, Pidcock, Healy, Alaphilippe, Ciccone, Nys eta Gregoire txirrindulariek osatu duten taldea sortu da.
Erakustaldia erabatekoa izan da, eta Forgesen aldeak handitu dira: minutu bat geroago igaro dira Pidcock eta Healy, eta 1:27ra igaro da Evenepoel.
Pogacarrek aldea handitzen jarraitu du Liejara hurbildu ahala, denboraldiko 7. garaipena eta bere palmareseko 95.a eskuratzeko.
SAILKAPENA
1.- POGACAR Tadej (UAE) 6:00:09
2.- CICCONE Giulio (Lidl) +1:03
3.- HEALY Ben (EF) d. b.
4.- VELASCO Simone (Astana) +1:10
5.- NYS Thibau (Lidl) d. b.
6.- BAGIOLI Andrea (Lidl) d. b.
7.- MARTINEZ Daniel Felipe (Red Bull) d. b.
8.- LAURANCE Axel (INEOS) d. b.
9.- PIDCOCK Thomas (Q36.5) d. b.
10.- POWLESS Neilson (EF) d. b.
Le Courtek ezustekoa eman du emakumezkoen lasterketan
Kimberley Le Court Pienaar (Ag Insurance – Soudal Team) mauriziarrak irabazi du emakumezkoen proba, 152,9 kilometroko ibilbidea egin ondoren esprintean Puck Pieterse (Fenix-Deceuninck) eta Demi Vollering (FDJ – Suez) herbeheretarrak gaindituta.
Lasterkarien artean azkarrena izan da, probako behin betiko ihesa gauzatu ostean, eta bere palmaresean agertzen diren zortzi garaipenen artean garrantzitsuena lortu du.
Abiaduraren legeak erabaki du dena. Atal horretan, Le Court izan da ausartena eta indartsuena. Urrutitik eraso eginda lortu du inoiz amestu ez duen garaipena.
SAILKAPENA
1.- (LE COURT) PIENAAR Kimberley (AG Insurance) 4:15:42
2.- PIETERSE Puck (Fenix) d. b.
3.- VOLLERING Demi (FDJ) d. b.
4.- KERBAOL Cédrine (EF) d. b.
5.- KOPECKY Lotte (DS Worx) +0:24
6.- REUSSER Marlen (Movistar) d. b.
7.- FISHER-BLACK Niamh (Lidl) d. b.
8.- TRINCA COLONEL Monica (AIUIa) d. b.
9.- NIEWIADOMA Katarzyna (CANYON) d. b.
10.- KASTELIJN Yara (Fenix) d. b.