Txirrindularitza
Alemania
Barrenetxea hirugarren geratu da Eschborn-Frankfurt lasterketako azken esprintean
EITB MEDIA
Michael Matthews (Team Jayco AIUIA) australiarrak irabazi du egun bakarreko klasikoaren 62. edizioa, Magnus Cort (Uno-X Mobility) danimarkarra bigarren izan da eta Jon Barrenetxea (Movistar) hirugarren.
-
Jon Barrenetxea. Argazkia: Movistar Team.
Jon Barrenetxea (Movistar) bizkaitarrak hirugarren amaitu du Eschborn-Frankfurt Alemanian urtero maitzaren 1ean jokatzen den egun bakarreko klasikoaren 62. edizioa. Michael Matthews (Team Jayco AIUIA) txirrindulari australiarra nagusitu da.
Txirrindularitza munduko hiru proba handienetan hainbat etapa irabazi dituen australiarra nagusitu da azken esprintean, 4:38:33ko denborarekin helmugaratuta. Denbora berean iritsi dira Magnus Cort (Uno-X Mobility) danimarkarra, bigarrena, eta Jon Barrenetxea euskalduna, hirugarrena.
35 kilometro falta zirenean, Maximilian Schachmann alemana (Soudal), Andreas Leknessund norvegiarra (Uno-X) eta Gregor Muhlberger austriarra (Movistar) aurreratu dira, talde nagusiari aurrea hartuta, azken ihesaldia osatzeko, baina tropela segundo gutxira zutela.
Azken 17 kilometroetan harrapatu dituzte. Hortik aurrera, elkarrekin joan dira guztiak, erasorik gabe, irabazlea aukeratuko zuen azken esprinterako indarrak gordez.
Barrenetxea oso indartsu sartu da azken metroetan, eta garaipena lortzeko borrokatu da, baina hirugarren postuarekin konformatu behar izan du azkenean.
SAILKAPENA
1.- MATTHEWS Michael (Jayco) 4:38:33
2.- CORT Magnus (Uno-X) d. b.
3.- BARRENETXEA Jon (Movistar) d. b.
4.- POWLESS Neilson (EF) d. b.
5.- WANDAHL Frederik (Red Bull) d. b.