Itxi

Txirrindularitza

3. etapa

Femke Gerritse nagusitu da Huescan, esprintean, eta Espainiako Vueltako lider berria da

EITB MEDIA

SD Worx-Protimeko txirrindularia izan da azkarrena azken metroetan. Marianne Vos bigarren helmugaratu da, eta sailkapen nagusian ere bigarren postura igo; Vosek eta Paternoster aurreko liderrak hamabi segundora dute Gerritse. Ane Santestebanek mendiko sailkapeneko lehen tokian jarraitzen du.

  • Gerritse Vos baino azkarrago ibili da, esprintean. Argazkia: EFE.

    Gerritse Vos baino azkarrago ibili da, esprintean. Argazkia: EFE.

SD Worx-Protime taldeko Femke Gerritse txirrindulari herbeheretarrak irabazi du emakumezkoen 2025eko Espainiako Vueltako hirugarren etapa, esprintean, Huescan, asteartean, eta, halaber, sailkapen nagusiko aurreneko postuan jarri da. Etapako azken metro erabakigarrietan, Gerritse izan da azkarrena; Vismako Marianne Vos bigarren helmugaratu da, eta sailkapen nagusian ere bigarren postura igo da, eta Vosek eta Liv AlUla taldeko Letizia Paternoster aurreko liderrak hamabi segundora dute Gerritse. Euskal txirrindularitzari dagokionez, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko Ane Santestebanek mendiko sailkapeneko lehen tokian jarraitzen du; azken kilometroetan, hori bai, erorikoa izan du errenteriarrak.

Gerritsek, 23 urtekoa bera, hiru garaipen daramatza 2025eko denboraldian. Herbeheretarrak, apirilean, Brabanteko Gezian, hirugarren postua eskuratu zuen, eta argi utzi zuen sasoiko dabilela; orain, Espainiako Vueltan, ospe handiko garaipena erdietsi du, eta, hori gutxi balitz bezala, lasterketako lider berria da, etaparik gogorrenak iritsi aurretik.

Asteazkenean, 2025eko Espainiako Vueltan laugarren etapa jokatuko dute. Hori Pedrolan hasiko da, eta Borjan amaitu, eta 111,6 kilometroko ibilbidea izango du; tartean, 2. mailako mendate bat igo beharko dute ziklistek, eta 3. mailako beste bat, azken hori helmugarako hamar kilometrora.

Etapako sailkapena

1 - GERRITSE Femke (SD Worx) 3:23:24

2 - VOS Marianne (Visma) d. b.

3 - ZANETTI Linda (Uno-X) d. b.

4 - BREDEWOLD Mischa (SD Worx) d. b.

5 - JASTRAB Megan (Picnic) d. b.

6 - GUAZZINI Vittoria (FDJ) d. b.

7 - PATERNOSTER Letizia (Liv AlUla) d. b.

8 - NIEWIADOMA Katarzyna (Canyon) d. b.

9 - FERGUSON Cat (Movistar) d. b.

10 - SKALNIAK-SOJKA Agnieszka (Canyon) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - GERRITSE Femke (SD Worx) 6:07:50

2 - VOS Marianne (Visma) + 0:12

3 - PATERNOSTER Letizia (Liv AlUla) d. b.

4 - HENDERSON Anna (Lidl) + 0:17

5 - MARKUS Riejanne (Lidl) d. b.

6 - FISHER-BLACK Niamh (Lidl) d. b.

7 - TRINCA COLONEL Monica (Liv AlUla) + 0:20

8 - BREDEWOLD Mischa (SD Worx) d. b.

9 - VAN DER BREGGEN Anna (SD Worx) d. b.

10 - GARCIA Mavi (Liv AlUla) d. b.