Itxi

Txirrindularitza

4. etapa

Anna van der Breggenek garaipen handia lortu du Borjan, Espainiako Vueltan, eta Gerritsek lider jarraitzen du

EITB MEDIA

Van der Breggenek (SD Worx-Protime), hiru denboraldiz lehiatik kanpo egon eta gero, bigarren kokatu da sailkapen nagusian, eta lau segundora du taldekidea. Ostegunean, lasterketa aurrenekoz amaituko da mendatean, Lagunas de Neilan, hain zuzen ere.

  • Inork ezin izan dio erantzunik eman Van der Breeggenek egindako erasoari. Argazkia: EFE.

    Inork ezin izan dio erantzunik eman Van der Breeggenek egindako erasoari. Argazkia: EFE.

SD Worx-Protime taldeko Anna van der Breggen txirrindulari herbeheretarrak 2025eko Espainiako Vueltako laugarren etapa irabazi du, Borjan, Zaragozan, bakarka, helmugarako sei kilometro baino apur bat gehiago gelditzen zela eraso bikaina eginda, asteazkenean; sailkapen nagusian, Femke Gerritsek, SD Worxeko txirrindulari eta herbeheretarra bera ere, aurreneko postuan jarraitzen du, eta, hortaz, asteartean bereganatu zuen maillot gorriari eustea lortu du.

Van der Breggenek palmares bikaina du, historiako handienetakoa: 2016an, Olinpiar Jokoetan, urrezko domina irabazi zuen; Italiako Giroan, lau aldiz nagusitu da, sailkapen nagusian; Munduko Txapelketa du irabazita, bi aldiz errepideko proban eta behin erlojupekoan; eta zazpi aldiz gailendu da Flèche Wallonne klasikoan. Herbeheretarrak hiru urte eman ditu lehiaketetan parte hartu gabe, baina indartsu bueltatu da, 2025ean; martxoan, Strade Bianche lasterketan, bigarren tokia erdietsi zuen, eta Espainiako Vueltan, sailkapen nagusian, bigarren jarri da, Gerritserekiko lau segundora. Van der Breggenek sei segundora du Marianne Vos (Visma), eta hamazazpira Demi Vollering (FDJ).

Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa) hogeigarren postuan helmugaratu da, 26 segundora, eta sailkapen nagusian 28. postuan dabil, 1:17ra; Ane Santestebanek ezin izan dio eutsi mendiko sailkapeneko aurreneko postuari.

Ostegunean, Espainiako Vueltako bosgarren etapan, txirrindulariak Soriako Golmayon hasiko dira, eta, 120,4 kilometro eginda, egunak Lagunas de Neilan izango du amaiera; 1. mailako mendatea da hori. Aurretik, ziklistek 2. mailako Rozavientos mendatea ere igo beharko dute.

Etapako sailkapena

1 - VAN DER BREGGEN Anna (SD Worx) 2:49:55

2 - VOS Marianne (Visma) + 0:12

3 - VOLLERING Demi (FDJ) d. b.

4 - TRINCA COLONEL Monica (Liv AlUla) d. b.

5 - KERBAOL Cedrine (EF Education) d. b.

6 - LIPPERT Liane (Movistar) d. b.

7 - GERRITSE Femke (SD Worx) d. b.

8 - REUSSER Marlen (Movistar) d. b.

9 - NIEWIADOMA Katarzyna (Canyon) d. b.

10 - MARKUS Riejanne (Lidl) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - GERRITSE Femke (SD Worx) 8:57:51

2 - VAN DER BREGGEN Anna (SD Worx) + 0:04

3 - VOS Marianne (Visma) + 0:10

4 - VOLLERING Demi (FDJ) + 0:21

5 - MARKUS Riejanne (Lidl) + 0:23

6 - FISHER-BLACK Niamh (Lidl) d. b.

7 - TRINCA COLONEL Monica (Liv AlUla) + 0:26

8 - BREDEWOLD Mischa (SD Worx) d. b.

9 - GARCÍA Mavi (Liv AlUla) d. b.

10 - MUZIC Evita (FDJ) + 0:29