Itxi

Txirrindularitza

Emakumeen Espainiako Vuelta

Volleringek erakustaldia emanda irabazi du bigarrenez jarraian Espainiako Vuelta

Agentziak | EITB Media

Herbehereetako txirrindularia nagusitu da Asturiasko Cotobello mendatean bukatu den azken etapan. Usoa Ostolaza gipuzkoarrak erorikoa izan du, eta sailkapen nagusiko 12. tokian amaitu du Vuelta.

1:45
Demi Vollering

Demi Volleringek (FDJ-Suez) bigarren urtez jarraian irabazi du Espainiako Vuelta, eta erakustaldia emanda lortu du garaipena; izan ere, Asturiasko Cotobello mendatean amaitu den azken etapan ere bera nagusitu da.  

Etapan nahiz sailkapen nagusian, Marlen Reusser (Movistar) eta Anna van der Breggen (SD Worx-Protime) izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.

Gaurkoan ere, FDJ-Suez talde frantziarraren lana erabakigarria izan da azken etapan izan diren ihesaldi saiakera guztiak ezerezean uzteko. Mavi Garcia (LIV Alula Jayco), adibidez, 32 kilometroren faltan ahalegindu da, baina Evita Muzic (FDJ-Suez) berehala joan zaio atzetik, eta une oro kontrolpean izan du txirrindulari espainiarra, sailkapen nagusian urruti egon arren.

Helmugarako zortzi kilometrora harrapatu dituzte faborito nagusien taldeak, Cotobello mendatea igotzen ari zirenean.

Van der Breggenek jarritako erritmo gogorraren ondorioz, tropela asko murriztu da, baina Volleringek, Reusserrek eta Cedrine Kerbaolek (EF Education Oatly) ondo eutsi diote.

Vollering aurrean ipini da azken bi kilometroetan, eta erritmoa azkartu du. Helmugatik 800 metrora, are gehiago bizitu du erritmoa, eta atzean utzi ditu aurkariak.

Horrela, bakarka gailendu da Cotobelloko helmugan, eta erakustaldia emanda irabazi du, bigarren urtez jarraian, Espainiako Vuelta.

Reusser izan da bigarren, eta Van der Breggen iritsi da hirugarren, igoeran egindako ahalegina garesti ordainduta. Sailkapen nagusian ere, ordena horretan amaitu dute.

Cotobelloko igoeran, Usoa Ostolazak (Laboral Kutxa) erorikoa izan du, eta hiru minututik gora galdu ditu helmugan. Edonola ere, 12. postuan bukatu du Espainiako Vuelta.

Marlen Reusser, Demi Vollering eta Anna van der Breggen. EFE

Marlen Reusser, Demi Vollering eta Anna van der Breggen, podiumean. EFE

SAILKAPEN NAGUSIA

1. VOLLERING Demi (FDJ-SUEZ) 19:41:32

2. REUSSER Marlen (Movistar) +1:01

3. VAN DER BREGGEN Anna (SD Worx - Protime) +1:16

4. KERBAOL Cédrine (EF Education-Oatly) +2:34

5. LABOUS Juliette (FDJ-SUEZ) +3:24

6. FISHER-BLACK Niamh (Lidl-Trek) +3:25

7. TRINCA COLONEL Monica (Liv AlUla Jayco) +4:07

8. KASTELIJN Yara (Fenix-Deceuninck) +5:20

9. VINKE Nienke (Team Picnic PostNL) +5:40

10. MUZIC Évita (FDJ-SUEZ) +5:41

Demi Volleringen helmugaratzea azken etapan. EFE

Demi Volleringen helmugaratzea azken etapan. EFE

AZKEN ETAPA

1. VOLLERING Demi (FDJ - SUEZ) 4:23:34

2. REUSSER Marlen (Movistar) +0:11

3. VAN DER BREGGEN Anna (SD Worx - Protime) +0:25

4. KERBAOL Cédrine (EF Education-Oatly) +0:35

5. FISHER-BLACK Niamh (Lidl - Trek) +0:56

6. LABOUS Juliette (FDJ - SUEZ) +1:05

7. TRINCA COLONEL Monica (Liv AlUla Jayco) +1:22

8. MUZIC Évita (FDJ - SUEZ) +1:42

9. BUNEL Marion (Visma | Lease a Bike) +1:52

10. VINKE Nienke (Picnic PostNL) +2:06