Itxi

Txirrindularitza

Agurra

Jonathan Castroviejok erretiroa hartuko du denboraldi amaieran

EITB Media

Euskal ziklistak txirrindularitza utziko du 2025 sasoi bukaeran, 17 denboraldi profesional mailan eman ostean.

  • Jonathan Castroviejo

    Jonathan Castroviejo. Argazkia: EITB Media

Jonathan Castroviejok (Getxo, 38 urte) txirrindularitza utziko du 2025 denboraldi amaieran. Horixe jakinarazi du Bizkaiko ziklistak astelehen honetan, maiatzaren 26an, Italiako Giroko azken atseden egunean.

"Aspaldi pentsatutako erabakia da, eta momentu egokia dela uste dut", adierazi du Castroviejok. Getxokoak 17 urte eman ditu maila gorenean; 6 aldiz izan da erlojupeko Espainiako txapelduna eta 2016ko Munduko Txapelketan brontzezko domina bereganatu zuen.

"Hainbat urtean dena eman ostean, nire bizitzako etapa garrantzitsu hau ixteko unea iritsi da, baita erronka berriei ekitekoa ere. Elitean eman ditudan urte hauek guztiak ez lirateke posible izango nire emaztearen, seme-alaben eta gurasoen babesik gabe. Nire pedalkada, lesio zein lorpen guztien ardatz izan dira" gaineratu du bere sare sozialetan argitaratutako oharrean.

Amaitzeko, honako hau esan du: "Txirrindularitzak dena eman dit: irakaspenak, lagunak, erronkak eta nirekin betirako eramango ditudan gauzak. Esker onez beteta utziko dut txirrindularitza".

2008an Orbea taldean ekin zion bere ibilbide profesionalari, gero 2 denboraldi eman zituen Euskaltel-Euskadin, 6 Movistarren, 1 Skyn eta 7 INEOS Grenadiers bere egungo taldean.

Taldelanerako ziklista onenetariko bat izan da Castroviejo aditu zein txirrindularitza munduko hainbat pertsonarentzat. Haren palmaresean profesional mailako 11 garaipen ditu.