Itxi

Txirrindularitza

1. etapa

Tadej Pogacarrek irabazi du Dauphine Kriteriumeko lehenengo etapa, eta lasterketako aurreneko liderra da

EITB MEDIA

UAEko txirrindulari esloveniarrak Jonas Vingegaard (Visma) eta Mathieu van der Poel (Alpecin) aurreratu ditu esprintean, eta Remco Evenepoel (Soudal) helmugaratu da laugarren postuan. Pogacar, Vingegaard eta Evenepoel hasieratik ibili dira bikain.

3:39

Tadej Pogacar UAE taldeko txirrindulari esloveniarrak irabazi du 2025eko Dauphine Kriteriumeko lehenengo etapa, Montluconen, igandean, eta, ondorioz, lasterketako 77. ekitaldiko lehen liderra da. Pogacarrek Jonas Vingegaard (Visma-Lease a Bike) eta Mathieu van der Poel (Alpecin-Deceuninck) aurreratu ditu esprintean, eta Remco Evenepoel (Soudal Quick-Step) helmugaratu da laugarren postuan. Horrenbestez, sailkapen nagusirako faborito nagusiak (Pogacar, Vingegaard eta Evenepoel) hasieratik ibili dira bikain.

Dauphine Kriteriuma, 2024ko Frantziako Tourreko hiru txirrindularirik onenak (Tadej Pogacar, Jonas Vingegaard eta Remco Evenepoel) aurrez aurre jarri dituen 2025eko denboraldiko aurreneko lasterketa, Domeraten hasi da, eta Arkea-&B Hotels taldeko Pierre Thierry bretoi gaztea izan du protagonista nagusietako bat lehenengo etapan; helmugarako 40 kilometrora, minutu batera zuen tropela, Cofidiseko Paul Ourselinekin ihesean ibili ostean.

4. mailako Cote de Buffonen, Pogacar eta Vingegaard aritu dira tropelaren buruan, indartsu. Bahrain-Victoriouseko Fred Wrightek Thierry harrapatu du. Amaierarako zazpi kilometro falta zirenean harrapatu dute, Buffonerako azken igoeran, amore emanda zegoela.

Aurretik bost kilometro zituztela, Vingegaardek aurrera egin du, eta Pogacar atzetik joan zaio, bai eta Van der Poel eta Buitrago ere. Boskote horrek izan du jokoan probako estreinako jardunaldiko garaipena, sailkapen nagusiko lehiarako hautagai nagusiak tartean zirela. Azken metroetan, Pogacar izan da azkarrena, eta, hortaz, UAEko ziklistak denboraldiko zortzigarren garaipena poltsikoratu du.

Astelehenean, 2025eko Dauphine Kriteriumak bigarren etapa izango du jokoan. 204,6 kilometroko ibilbidea izango du, Premilhat eta Issoire bitartean. EITBk zuzenean emago du, eitb.eus-en eta ETB1en bidez.

Etapako sailkapena

1 - POGACAR Tadej (UAE) 4:40:12

2 - VINGEGAARD Jonas (Visma) d. b.

3 - VAN DER POEL Mathieu (Alpecin) d. b.

4 - EVENEPOEL Remco (Soudal) d. b.

5 - STEWART Jake (Israel) d. b.

6 - PAGE Hugo (Intermarche) d. b.

7 - TRONCHON Bastien (Decathlon) d. b.

8 - VENTURINI Clement (Arkea) d. b.

9 - THOMAS Benjamin (Cofidis) d. b.

10 - PENHOET Paul (Groupama) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - POGACAR Tadej (UAE) 4:40:02

2 - VINGEGAARD Jonas (Visma) + 0:04

3 - VAN DER POEL Mathieu (Alpecin) + 0:06

4 - POLITT Nils (UAE) + 0:09

5 - EVENEPOEL Remco (Soudal) + 0:10

6 - STEWART Jake (Israel) d. b.

7 - PAGE Hugo (Intermarche) d. b.

8 - TRONCHON Bastien (Decathlon) d. b.

9 - VENTURINI Clément (Arkea) d. b.

10 - THOMAS Benjamin (Cofidis) d. b.