Txirrindularitza
2. etapa
Jonathan Milanek irabazi du Issoireko esprinta, eta Dauphine Kriteriumeko lider jarri da
EITB MEDIA
Lidl-Trek taldeko txirrindulari italiarra nagusitasunez gailendu da lasterketako bigarren etapan, azken kilometroetan taldekideek egindako lan bikaina oso ondo baliatuta; gainsariari esker, sailkapen nagusiko liderraren maillot horia janztea lortu du.


Lidl-Trek taldeko Jonathan Milan txirrindulari italiarrak 2025eko Dauphine Kriteriumeko bigarren etapa irabazi du, esprintean, Issoiren, eta, bereganatu duen gainsariari esker, lasterketako sailkapen nagusiko lider jarri da; UAEko Tadej Pogacarrek, lehenengo etapako irabazlea bera, Milanen denbora bera du, baina esprinter italiarrak jantziko du maillot horia astearteko etapan.
77. Dauphine Kriteriumeko bigarren etapan, hainbat gizon saiatu dira ihesaldia sortzen, baina tropelak une oro izan ditu kontrolpean; lasterketa buruan, besteak beste, ikusi ditugu Christopher Juul-Jensen (Jayco-AlUla), Romain Combaud (Picnic-PostNL), Victor Guernalec (Arkéa-B&B Hotels), eta Paul Ourselin (Cofidis). Helmugarako 18 kilometro gelditzen zirela, Picnic taldeko Romain Bardetek aurrera egin du, indartsu; frantziarrak proba hau amaituta utziko du txirrindularitza, alegia, igandean, eta hamar kilometro eman ditu lehenengo postuan, lasterketa ikusten ari ziren zaleek bultzatuta.
Hala, jardunaldia esprintean erabaki da. Horretarako, Jonathan Milan faborito nagusietakoa zen, eta berretsi egin du hori, garaipen ederra lortuta. Esprinter italiarrak Fred Wright (Bahrain-Victorious) eta Mathieu van der Poel (Alpecin-Deceuninck) gainditu ditu, eta, gainsari gisa lortu dituen hamar segundoak kontuan izanik, sailkapen nagusiko aurreneko postura igo da.
Asteartean, Dauphine Kriteriumeko hirugarren etapa izango da jokoan. Briouden hasiko da, eta Charantonnayn amaitu, eta 207,2 kilometroko ibilbidea izango du. Beste behin, eitb.eus-ek eta ETB1ek zuzenean emango dute, 16:00etatik aurrera.
ETAPAKO SAILKAPENA
1 - MILAN Jonathan (Lidl) 4:54:49
2 - WRIGHT Fred (Bahrain) d. b.
3 - VAN DER POEL Mathieu (Alpecin) d. b.
4 - FREDHEIM Stian (Uno-X) d. b.
5 - JEANNIERE Emilien (TotalEnergies) d. b.
6 - TRONCHON Bastien (Decathlon) d. b.
7 - FEDOROV Yevgeniy (XDS Astana) d. b.
8 - LOUVEL Matis (Israel) d. b.
9 - VENTURINI Clément (Arkea) d. b.
10 - TRENTIN Matteo (Tudor) d. b.
SAILKAPEN NAGUSIA
1 - MILAN Jonathan (Lidl) 9:34:51
2 - POGACAR Tadej (UAE) d. b.
3 - VAN DER POEL Mathieu (Alpecin) + 0:02
4 - WRIGHT Fred (Bahrain) + 0:04
5 - VINGEGAARD Jonas (Visma) d. b.
6 - PAGE Hugo (Intermarché) + 0:08
7 - FOLDAGER Anders (Jayco) + 0:09
8 - POLITT Nils (UAE) d. b.
9 - TRONCHON Bastien (Decathlon) + 0:10
10 - JEANNIERE Emilien (TotalEnergies) d. b.