Itxi

Txirrindularitza

3. etapa

Ivan Romeok irabazi du Charantonnayn, Dauphine Kriteriumeko hirugarren etapan, eta lider jarri da

EITB MEDIA

Movistar taldeko txirrindulari espainiarra bakarka gailendu da, helmugarako bost kilometro gelditzen zirela erasoa jota; aurretik, eguneko ihesaldian izan da, eta maila bikaina izan du ihesaldi horrek, tartean Lipowitz eta Van der Poel izan direla. Romeok 1:08 atera dio tropelari.

3:13
Ivan Romeo

Ivan Romeo Movistar taldeko txirrindulari espainiarrak 2025eko Dauphine Kriteriumeko hirugarren etapa irabazi du, Charantonnayn, asteartean, eta, halaber, sailkapen nagusiko aurreneko postuan jarri da. Romeo bakarka gailendu da, helmugarako bost kilometro gelditzen zirela erasoa jota; aurretik, eguneko ihesaldian izan da, eta maila bikaina izan du ihesaldi horrek, tartean Florian Lipowitz eta Mathieu van der Poel ibili direla. Valladolideko ziklistak tropelak baino minutu bat eta zortzi segundo arinago zeharkatu du helmugako pankartapea; lasterketan faborito nagusiak diren gizon guztiak helmugaratu dira tropelean.

Movistarreko ziklista gazteak (abuztuan, 22 urte beteko ditu) bigarrenez eskuratu du garaipena 2025eko denboraldian; izan ere, Valentziako Voltan ere poltsikoratu zuen etapa bat. Egia esan, meritu eta ospe handiko garaipena bereganatu du orain; ihesaldian izen handiko aurkariak zituen, eskarmentudunak gainera, baina bera izan da onena, indartsuena eta azkarrena.

Testuinguru horretan, Dauphine Kriteriumeko hirugarren etapan, dozena bat txirrindulari izan dira ihesaldian, tartean Florian Lipowitz (Red Bull-BORA), Mathieu van der Poel (Alpecin-Deceuninck), Axel Laurance (INEOS Grenadiers) eta Harold Tejada (XDS Astana), besteak beste. Helmugarako 30 kilometro gelditzen zirela, iheslariek minutu bat eta erdiko aldea zuten, eta pentsatzeko modukoa zen etapa garaipena haiek jokatuko zutela, ikusita zeinen indartsu zebiltzan lasterketa buruko txirrindulariak.

Horrela erabaki da jardunaldia, eta Ivan Romeok erakutsi du sendotasunik handiena. Amaierarako bost kilometro baino apur bat gehiago gelditzen zirela, aurrera egin du, eta ez dute hura harrapatzarik izan. Hori gutxi balitz bezala, denbora izan du garaipena dastatu eta ospatzeko; egindako lan bikainak, halaber, maillot horia ekarri dio, eta aukera oso ona du maillot hori horri gutxienez osteguneko etapara arte eusteko.

Asteazkenean, 77. Dauphine Kriteriumak laugarren etapa izango du jokoan, eta horrek lasterketa markatu ahal du; izan ere, 17,4 kilometroko banakako erlojupekoa izango da, Charmes-sur-Rhonetik Saint-Perayra bitartean. Sailkapen nagusiko lehian izango direnek maila eman beharko dute jardunaldi horretan. EITBk, eitb.eus-en eta ETB1en bidez, zuzenean emango du etapa, 16:00etatik aurrera.

ETAPAKO SAILKAPENA

1 - ROMEO Ivan (Movistar) 4:34:10

2 - TEJADA Harold (XDS Astana) + 0:14

3 - BARRE Louis (Intermarché) d. b.

4 - LIPOWITZ Florian (Red Bull) d. b.

5 - VAN DER POEL Mathieu (Alpecin) + 0:27

6 - LAURANCE Axel (INEOS) d. b.

7 - ROLLAND Brieuc (Groupama) d. b.

8 - BERNARD Julien (Lidl) d. b.

9 - LEKNESSUND Andreas (Uno-X) d. b.

10 - DUNBAR Eddie (Jayco) d. b.

SAILKAPEN NAGUSIA

1 - ROMEO Ivan (Movistar) 14:09:01

2 - BARRE Louis (Intermarché) + 0:17

3 - TEJADA Harold (XDS Astana) + 0:18

4 - LIPOWITZ Florian (Red Bull) + 0:24

5 - VAN DER POEL Mathieu (Alpecin) + 0:29

6 - DUNBAR Eddie (Jayco) + 0:37

7 - ROLLAND Brieuc (Groupama) d. b.

8 - LEKNESSUND Andreas (Uno-X) d. b.

9 - POGACAR Tadej (UAE) + 1:06

10 - WRIGHT Fred (Bahrain) + 1:12