Itxi

Txirrindularitza

4. etapa

Remco Evenepoel bikain gailendu da Dauphine Kriteriumeko erlojupekoan, eta maillot horia eskuratu du

EITB MEDIA

Soudal Quick-Step taldeko txirrindulari flandriarra ezin hobeto aritu da asteazkenean jokatutako 17,4 kilometroko banakako erlojupekoan; Evenepoel, lider berria bera, Vingegaard baino 20 segundo azkarrago ibili da, eta Pogacar baino 48 segundo arinago.

3:58
Remco Evenepoel

Soudal Quick-Step taldeko Remco Evenepoel txirrindulari flandriarrak 2025eko Dauphine Kriteriumeko laugarren etapa irabazi du, Saint-Perayn amaitu den 17,4 kilometroko banakako erlojupekoa, asteazkenean, eta, horrez gain, sailkapen nagusiko lehenengo postuan kokatu da. Evenepoel ezin hobeto aritu da erlojupekoan; izan ere, sailkapen nagusian dituen aurkari nagusiei erreparatuta, Visma-Lease a Bike taldeko Jonas Vingegaard baino 20 segundo azkarrago ibili da, eta UAEko Tadej Pogacar baino 48 segundo arinago. Sailkapen nagusian, Vingegaard bosgarren tokian dabil, eta 16 segundora du Evenepoel, eta Pogacarrek, zortzigarrena bera, 38 segundora du aurreneko postua.

Ikusmin handia zegoen Dauphine Kriteriumeko erlojupekoak zer emango zuen jakiteko, eta lasterketak berretsi du zergatik, hainbat ziklistak eman baitute maila, eta, hori gutxi balitz bezala, sailkapen nagusian lehia oso bizia dagoelako. Bereziki, Evenepoel da nabarmentzeko modukoa; espezialitateko egungo munduko txapeldunak baliatu egin du aukera, etapa irabazi eta sailkapen nagusian kolpea emateko. Vingegaard ere ibili da ondo, bigarren denborarik onena eginda, bai eta Matteo Jorgenson taldekidea; azken hori hirugarren sailkatu da.

Tadej Pogacar, ordea, ez da espero bezain indartsu ibili. UAEko esloveniarrak laugarren postua eskuratu du, eta Evenepoelek 48 segundo sartu dizkio; alde aipagarria da, kontuan izanik erlojupekoak 17,4 kilometroko ibilbidea izan duela. Movistarreko Ivan Romeok ezin izan dio maillot horiari eutsi, Remco Evenepoel horren azkar ibilita, baina etapa ona egin du.

77. Dauphine Kriteriumeko bosgarren egunean, ostegunean, lasterketa Saint-Priesten hasi eta, 182,6 kilometro eginda, Maconen amaituko da. Zaleek jardunaldiaz gozatzeko aukera izango dute, EITBk zuzenean emango baitu, 16:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en bidez.

ETAPAKO SAILKAPENA

1 - EVENEPOEL Remco (Soudal) 20:50

2 - VINGEGAARD Jonas (Visma) + 0:20

3 - JORGENSON Matteo (Visma) + 0:37

4 - POGACAR Tadej (UAE) + 0:48

5 - LIPOWITZ Florian (Red Bull) + 0:56

6 - VAN DER POEL Mathieu (Alpecin) + 1:01

7 - CAVAGNA Remi (Groupama) + 1:06

8 - DUNBAR Eddie (Jayco) + 1:09

9 - FOSS Tobias (INEOS) d. b.

10 - SEIXAS Paul (Decathlon) + 1:11

SAILKAPEN NAGUSIA

1 - EVENEPOEL Remco (Soudal) 14:31:08

2 - LIPOWITZ Florian (Red Bull) + 0:04

3 - ROMEO Ivan (Movistar) + 0:09

4 - VAN DER POEL Mathieu (Alpecin) + 0:14

5 - VINGEGAARD Jonas (Visma) + 0:16

6 - DUNBAR Eddie (Jayco) + 0:30

7 - TEJADA Harold (XDS Astana) d. b.

8 - POGACAR Tadej (UAE) + 0:38

9 - JORGENSON Matteo (Visma) + 0:39

10 - BARRÉ Louis (Intermarche) + 1:03