Txirrindularitza
5. etapa
Jake Stewart izan da azkarrena Maconeko esprintean, Dauphine Kriteriumean, eta Evenepoelek lider jarraitzen du
EITB MEDIA
Trantsizio etapa izan da, lasterketako jardunaldi gogorrenak ostiralean hasiko baitira, eta Israel-Premier Tech taldeko ziklistak lortu du garaipena. Remco Evenepoel azken kilometroan erori egin da, baina etapa amaitu egin du, itxuraz arazorik gabe.


Israel-Premier Tech taldeko Jake Stewart txirrindulari britainiarrak 2025eko Dauphine Kriteriumeko bosgarren etapa irabazi du, Maconen, esprintean, ostegunean, eta Soudal Quick-Step taldeko Remco Evenepoel ziklista flandriarrak asteazkenean bereganatu zuen maillot horiari eutsi dio, sailkapen nagusiko lider jarraitzen baitu. Trantsizio etapa izan da, lasterketako jardunaldi gogorrenak ostiralean hasiko baitira, eta Stewartek lortu du garaipena; Evenepoel azken kilometroan erori egin da, baina etapa amaitu egin du, itxuraz arazorik gabe.
Dauphine Kriteriumeko bosgarren lasterketa-egunean, bost gizon izan dira protagonista nagusietakoak, ihesaldian ibili baitira. Helmugarako 30 kilometro gelditzen zirela, minutu bateko aldea zuten, tropelarekiko; hauek ziren: Jordan Labrosse (Decathlon AG2R), Enzo Leijnse (Picnic PostNL), Benjamin Thomas (Cofidis) eta Thibault Guernalec eta Pierre Thierry (Arkea-B&B Hotels).
Amaierarako hamabost kilometro falta zitzaizkiela, Labrossek, Leijnsek, Thomasek eta Guernalecek lasterketa buruan jarraitzen zuten, elkarri erreleboa emanda, eta tropela minutu erdira zihoan, atzetik. Ihesaldiko ziklistek etapa garaipena eskuratzeko aukerei eustea zuten helburu. Leijnse atzean gelditu da, eta beste hiru gizonek, zortzi kilometro gelditzen zirela, lasterketa buruan jarraitzen zuten.
Ihesaldia azken kilometroaren atarian amaitu egin da. Lidl-Trek taldeak lan bikaina egin du, azken mila metro horietan, Jonathan Milanek beste garaipen bat lortzea helburu, baina Jake Stewart nagusitasunez gailendu da; bigarrenez irabazi du britainiarrak 2025eko denboraldian, Dunkerqueko Lau Egunetako azken etapan ere erdietsi baitzuen aurreneko postua, maiatzean. Evenepoelek erorikoa izan du, baina ez dirudi horrek inolako ondoriorik ekarriko dionik.
77. Dauphine Kriteriumeko seigarren etapa ostiralean jokatuko dute, eta menditsua izango da hori. Txirrindulariak Valserhonen hasiko dira lanean, eta 2. mailako Combloux mendatean amaitu; aurretik, ibilbideko 139,1 kilometroetan, beste lau mendate igo beharko dituzte, tartean 1. mailako bat, Mont-Saxonnex. EITBk zuzenean emango du lasterketa, 16:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en bidez.
ETAPAKO SAILKAPENA
1 - STEWART Jake (Israel) 4:03:46
2 - LAURANCE Axel (INEOS) d. b.
3 - WERENSKJOLD Soren (Uno-X) d. b.
4 - PITHIE Laurence (Red Bull) d. b.
5 - MILAN Jonathan (Lidl) d. b.
6 - PENHOET Paul (Groupama) d. b.
7 - JEANNIERE Emilien (TotalEnergies) d. b.
8 - WRIGHT Fred (Bahrain) d. b.
9 - VAN DER POEL Mathieu (Alpecin) d. b.
10 - TRONCHON Bastien (Decathlon) d. b.
SAILKAPEN NAGUSIA
1 - EVENEPOEL Remco (Soudal) 18:34:54
2 - LIPOWITZ Florian (Red Bull) + 0:04
3 - VAN DER POEL Mathieu (Alpecin) + 0:14
4 - VINGEGAARD Jonas (Visma) + 0:16
5 - DUNBAR Eddie (Jayco) + 0:30
6 - ROMEO Ivan (Movistar) + 0:31
7 - POGACAR Tadej (UAE) + 0:38
8 - JORGENSON Matteo (Visma) + 0:39
9 - WRIGHT Fred (Bahrain) + 1:16
10 - LUTSENKO Alexey (Israel) + 1:24