Itxi

Txirrindularitza

3. etapa

Quinn Simmonsek irabazi du Heidenen, eta Gregoirek maillot horiari eutsi dio, Suitzako Tourrean

EITB MEDIA

Lidl-Trek taldeko txirrindulari estatubatuarra eguneko ihesaldian izan da, beste bost txirrindularirekin, eta helmugarako hogei kilometro gelditzen zirela jo du erasoa; Simmonsek tropelarekiko zuen abantaila aldeztu du, eta faboritoen multzoa 18 segundora helmugaratu da.

  • Quinn Simmonsek erakustaldia egin du etapako azken hogei kilometroetan. Argazkia: EFE.

    Quinn Simmonsek erakustaldia egin du etapako azken hogei kilometroetan. Argazkia: EFE.

Lidl-Trek taldeko Quinn Simmons txirrindulari estatubatuarrak 2025eko Suitzako Tourreko hirugarren etapa irabazi du, bakarka, asteartean, jardunaldia markatu duen ihesaldiko onena izan baita; sailkapen nagusian, Groupama-FDJ taldeko Romain Gregoire ziklista frantziarrak lider jarraitzen du, eta 25 segundora du Kevin Vauquelin Arkea-B&B Hotelseko frantziarra. Simmons ihesaldian ibili da, beste bost gizonekin batera, eta helmugarako hogei kilometro gelditzen zirela jo du erasoa. Indar handia erakutsita, tropelarekiko zuen abantaila aldeztu du, eta faboritoen multzoa 18 segundora helmugaratu da. Pello Bilbao (Bahrain-Victorious) zortzigarren postuan iritsi da.

Etapa zati erabakigarrian sartu denean, Quinn Simmons zebilen lasterketaren buruan. Estatu Batuetako txapelduna eguneko ihesaldian izan da, arestian esan bezala Emiel Verstrynge (Alpecin), Peters (Decathlon), Battistella eta Walker (EF Education), eta Van Moer (Lotto) txirrindulariekin batera; bere herrialdeko txapelketaz gain, 2025eko denboraldian, halaber, Kataluniako Itzulian etapa bat bereganatu zuen. Atzean, lehia piztu da, faboritoen multzoan. UAEko Jan Christen eta Lidleko Janpe Lopez aurreratu dira, eta, gerora, EF Educationeko Neilson Powlessek lortu du segundo batzuetako aldea tropelarekiko; baina Simmonesen indarrak ez du erantzunik izan, eta ziklista estatubatuarrak gertu ikusten zuen garaipena. Azkenean, erdietsi egin du.

Nabarmentzeko modukoa da, halaber, zein ondo ibili den UAEko Joao Almeida, bigarren postua lortu baitu, eta Pello Bilbao egunetik egunera hobera ari dela egiten; gernikarrak, astelehenean zazpigarren postua bereganatuta, zortzigarren tokia eskuratu du asteartean. INEOSeko Geraint Thomasek erorikoa izan du, baina tropelera bueltatu ahal izan du.

88. Suitzako Tourrak, asteazkenean, laugarren etapa izango du jokoan. 193,2 kilometroko ibilbidea du jardunaldiak, Heidenen hasiko da, eta helmuga Piuron (Valchiavennan) izango du. 146. kilometroan, txirrindulariak Splugenplass 1. mailako mendateko pankartapetik igaroko dira; hori da, zalantzarik gabe, ziklistek egunean zehar izango duten oztoporik handiena.

ETAPAKO SAILKAPENA

1 - SIMMONS Quinn (Lidl) 4:39:42

2 - ALMEIDA Joao (UAE) + 0:18

3 - ONLEY Oscar (Picnic) d. b.

4 - GREGOIRE Romain (Groupama) d. b.

5 - VAUQUELIN Kevin (Arkea) d. b.

6 - CHRISTEN Jan (UAE) d. b.

7 - CHRISTEN Fabio (Q36.5) d. b.

8 - BILBAO Pello (Bahrain) d. b.

9 - GALL Felix (Decathlon) d. b.

10 - CHAMPOUSSIN Clement (XDS Astana) d. b.

SAILKAPEN NAGUSIA

1 - GREGOIRE Romain (Groupama) 11:26:01

2 - VAUQUELIN Kevin (Arkea) + 0:25

3 - LEMMEN Bart (Visma) + 0:27

4 - ALAPHILIPPE Julian (Tudor) d. b.

5 - O'CONNOR Ben (Jayco) + 1:18

6 - GROBSCHARTNER Felix (UAE) d. b.

7 - KAMNA Lennard (Lidl) d. b.

8 - CASTRILLO Pablo (Movistar) d. b.

9 - BARTA Will (Movistar) + 1:37

10 - FORTUNATO Lorenzo (XDS Astana) d. b.