Itxi

Txirrindularitza

Suitzako Tourra

Almeidak irabazi du Suitzako Tourreko laugarren etapa, eta Gregoirek sailkapen nagusiko lider jarraitzen du

EITB MEDIA

UAE taldeko txirrindulari portugaldarra, aurtengo Euskal Herriko Itzuliaren irabazlea bera, amaierarako ia berrogeita hamar falta zirela gelditu da lasterketa buruan, eta maillot horiaren lehian dabiltzan gaineko ziklistekiko lortu duen aldeari eutsi dio.

  • Honela ospatu du garaipena, helmugan, Joao Almeidak. Argazkia: EFE.

    Honela ospatu du garaipena, helmugan, Joao Almeidak. Argazkia: EFE.

UAE taldeko Joao Almeida txirrindulari portugaldarrak irabazi du 2025eko Suitzako Tourreko laugarren etapa, Piuron, bakarka, asteazkenean; sailkapen nagusiari dagokionez, Groupama-FDJ taldeko Romain Gregoire ziklista frantziarrak aurreneko postuan jarraitzen du, eta, ondorioz, maillot horia jantziko du osteguneko etapan ere, gutxienez. Almeida, aurtengo Euskal Herriko Itzuliaren irabazlea bera, amaierarako ia berrogeita hamar falta zirela gelditu da lasterketa buruan, eta Suitzako Tourra irabazteko lehian dabiltzan gaineko ziklistekiko lortu duen aldeari eutsi dio.

26 urte dituela, Almeida, orain zazpigarren postuan sailkapen nagusian, denboraldi bikaina ari da egiten. Itzulia ez ezik, Romandiako Tourra ere irabazi du, eta gero eta hobeto dabil Suitzako Tourrean; lehen etapan, baina, hiru minutu eta hamabi segundo galdu zituen Gregoirerekiko, eta horregatik ez da, oraingoz, lehen postutik gertuago, lasterketa honetan.

Testuinguru horretan, asteazkenean, eguneko ihesaldian, zortzi gizon sartu dira; helmugarako laurogei kilometro falta zirela, bi minutu eta erdiko abantaila zuten. Hauek zeuden lasterketa buruan: Neilson Powless (EF Education), Andrew August (INEOS Grenadiers), Georg Zimmermann (Intermarché-Wanty), astearteko etapako irabazle Quinn Simmons (Lidl-Trek), Thomas Gloag (Visma-Lease a Bike), Sebastien Grignard (Lotto) eta Marius Mayrhofer eta Larry Warbasse (Tudor).

Iheslariak 1. mailako Splugenpasserako igoera luzean harrapatu dituzte. Mendate horretan nabarmendu da Joao Almeida; UAEko portugaldarrek erritmo bizia jarri du sailkapen nagusiko lehian dabiltzan txirrindularien multzoan, eta denak utzi ditu atzean. Romain Gregoire liderra Kevin Vauquelin bigarren sailkatua baino atzerago gelditu da, eta Almeidak bakarka jo du aurrera, garaipena lortu nahirik; azkenean, etapa bereganatu du, eta Gregoireren ahaleginak ere izan du saria, frantziarrak lider bezala jarraitzen baitu.

Joao Almeida izan da indartsuena Suitzako Tourreko laugarren jardunaldian. Argazkia: EFE.

Joao Almeida izan da indartsuena Suitzako Tourreko laugarren jardunaldian. Argazkia: EFE.

Ostegunean, 88. Suitzako Tourreko bosgarren etapa jokatuko dute, eta aurtengo ekitaldiko etapa nagusia izango da hori. Lasterketa La Punten hasi eta Santa Marian amaituko da, eta 183,8 kilometroko ibilbidea izango du. Txirrindulariek 1. mailako lau mendate igo beharko dituzte; azkenak, Castaneda izenekoak, helmugarako pare bat kilometro geldituko direnean du pankarta.

ETAPAKO SAILKAPENA

1 - ALMEIDA Joao (UAE) 4:10:19

2 - ONLEY Oscar (Picnic) + 0:40

3 - O'CONNOR Ben (Jayco) + 0:42

4 - VAUQUELIN Kevin (Arkea) + 1:00

5 - GREGOIRE Romain (Groupama) d. b.

6 - GALL Felix (Decathlon) d. b.

7 - VAN WILDER Ilan (Soudal) + 1:02

8 - CHAMPOUSSIN Clement (XDS Astana) d. b.

9 - ALAPHILIPPE Julian (Tudor) d. b.

10 - KAMNA Lennard (Lidl) d. b.

SAILKAPEN NAGUSIA

1 - GREGOIRE Romain (Groupama) 15:37:20

2 - VAUQUELIN Kevin (Arkea) + 0:25

3 - ALAPHILIPPE Julian (Tudor) + 0:29

4 - O'CONNOR Ben (Jayco) + 0:56

5 - KAMNA Lennard (Lidl) + 1:20

6 - CASTRILLO Pablo (Movistar) d. b.

7 - ALMEIDA Joao (UAE) + 2:07

8 - ONLEY Oscar (Picnic) + 2:53

9 - GALL Felix (Decathlon) + 3:23

10 - CHAMPOUSSIN Clément (XDS Astana) + 3:25