Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra

Uztailaren 5ean hasiko da

Vismak Jonas Vingegaard, Van Aert, Jorgenson, Simon Yates eta Kuss izango ditu Frantziako Tourrean

EITB MEDIA

Tiesj Benoot, Victor Campenaerts eta Edoardo Affini ere izango dira Herbehereetako taldean, uztailaren 5ean hasiko den eta EITBk zuzenean emango duen lasterketan; Vismaren helburua da Frantziako Tourra berriro ere irabaztea.

  • Jonas Vingegaard, artxiboko irudian, podiumean. Argazkia: EFE.

    Jonas Vingegaard, artxiboko irudian, podiumean. Argazkia: EFE.

Visma-Lease a Bike taldeak Jonas Vingegaard izango du lider 2025eko Frantziako Tourrean, alegia, proba 2022an eta 2023an irabazi zuen txirrindularia, eta danimarkarrak maila oso handiko hainbat ziklista izango ditu aldamenean: hain zuzen ere, Herbehereetako taldeak hautatu ditu, lasterketan aritzeko, Wout van Aert, 2025eko Italiako Giroa irabazi berri duen Simon Yates, Matteo Jorgenson, Sepp Kuss 2023ko Espainaiko Vueltako irabazlea, Tiesj Benoot, Victor Campenaerts eta Edoardo Affini.

Vismaren helburua da Frantziako Tourra berriro ere bereganatzea. 2024an, UAEk erdietsi zuen garaipena, Tadej Pogacarri esker, baina aurreko bi ekitaldietan, alegia, 2022an eta 2023an, Vismak eskuratu zuen azken maillot horia, Vingegaard gailendu baitzen.

"Lehenengo egunetik, talde gisa, Jonas babestu behar dugu, sailkapen nagusiari begira. Gainera, hainbat txirrindularik aukera izango dute etapa garaipenen lehian aritzeko. Guregan gaude zentratuta, guztiz, eta geure planean. Ezin hobeto prestatu gara, eta, hala, uste dugu emaitzarik onena lortu ahalko dugula!, nabarmendu du Grischa Niermann Vismako kirol zuzendariak.

Frantziako Tourra uztailaren 5ean hasiko da, eta EITBk zuzenean emango du, eitb.eus-en eta ETB4ren eta ETB1en bidez.