Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra

2. etapa

Van der Poelek irabazi du bigarren etapa, eta horiz jantzi da

EITB

Tadej Pogacar (UAE) esloveniarra gainditu du azken esprintean, Philipsen taldekidearen tokia hartu du sailkapen nagusian, eta, ondorioz, maillot horia jantzi du.

  • Mathiew van der Poel. Argazkia: EFE

    Mathiew van der Poel. Argazkia: EFE

Mathieu van der Poel (Alpecin-Deceuninck) txirrindulari herbeheretarrak irabazi du igande honetan 112. Frantziako Tourreko 2. etapa, Tadej Pogacar (UAE Team Emirates-XRG) esloveniarraren aurretik helmugaratuta, Lauwin-Planque udalerrian hasi eta 209,1 kilometro egin ondoren Boulogne-sur-Mer hirian amaitu dena.

Jevgeni Fedorov (XDS-Astana) kazakhstandarrak tartea ireki du laster, eta Bruno Armirail (Decathlon) frantziarra, Brent van Moer (Lotto) belgikarra eta Andreas Leknessund (Uno-X Mobility) norvegiarra batu zaizkio 4. kilometroan.

Leknessund bera izan da lehena Cavron-Saint-Martin mendatean, eta 2 minutu eta 50 segundoko aldea lortu dute bertan. Atzealdean, Lennert van Eetvelt (Lotto) eta Victor Campenaerts (Visma-Lease a Bike) belgikarrak, Fred Wright (Bahrain-Victorious) ingelesa eta Eddie Dunbar (Jayco AlUla) irlandarra erori dira.

INEOS Grenadiers azken 20 kilometroak prestatzeko jarri da tropelaren aurrealdean, EF Education-EasyPost eta Groupama-FDJ taldeak gauza bera egiten saiatu dira, eta Saint-Etienne-au-Mont mendateari aurre egiteko leku ona hartzen saiatu dira guztiak.

Faboritoak aurretik jarri dira, eta Matteo Jorgenson (Visma) estatubatuarrak pixka bat handitu du tartea. Jaitsiera bakoitzean mugimendu guztiak zaindu dituzte, eta Jasper Philipsen (Alpecin-Deceuninck) belgikarrarekiko tartea ireki dute, sailkapen nagusiko liderra atzean utzi nahirik.

Jonas Vingegaard (Visma) danimarkarrak jo du erasoa, eta Remco Evenepoel (Soudal Quick-Step) belgikarrak eta Pogacarrek erantzun diote. Hainbeste izen ospetsuren artean, Kevin Vauquelin (Arkea) frantziarrak garaipenaren bila joateko hutsunea ikusi du, baina bere saiakerak ez du saririk izan eta Van der Poel nagusitu da esprintean, 4:45:41ko denbora eginda.

Etapa irabazteaz gain, maillot horia ere irabazi du Herbeheretako txirrindulariak. Pogacar dago orain sailkapen nagusian bigarren, lau segundora, eta Vingegaard hirugarren, seira.

2. ETAPAKO SAILKAPENA:

1. VAN DER POEL Mathieu (Alpecin) 4:45:41

2. POGACAR Tadej (UAE) d. b.

3. VINGEGAARD Jonas (Visma) d. b.

4. GRÉGOIRE Romain (Groupama) d. b.

5. ALAPHILIPPE Julian (Tudor Pro Cycling) d. b.

6. ONLEY Oscar (Picnic) d. b.

7. PARET-PEINTRE Aurélien (Decathlon) d. b.

8. VAUQUELIN Kévin (Arkea) d. b.

9. VELASCO Simone (Astana) d. b.

10. BERCKMOES Jenno (Lotto) d. b.

SAILKAPEN NAGUSIA

1. VAN DER POEL Mathieu (Alpecin) 8:38:42

2. POGACAR Tadej (UAE) +0:04

3. VINGEGAARD Jonas (Visma) +0:06

4. VAUQUELIN Kévin (Arkea) +0:10

5. JORGENSON Matteo (Visma) d. b.

6. MAS Enric (Movistar) d. b.

7. PHILIPSEN Jasper (Alpecin) +0:31

8. POWLESS Neilson (EF) +0:49

9. PARET-PEINTRE Aurélien (Decathlon) d. b.

10. ALMEIDA João (UAE) d. b.