Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra

Doan

Beste marka bat hautsi dute Tropelako kinielek, Tourreko 10. edizioan

Mikel Dominguez

15.000 kiniela baino gehiago egin dute Tropela.net-eko erabiltzaileek, iazko errekorra hautsita. Aurten, sariak irabazteko aukera izango dute.

Oso ezaguna da Tropela Elkartea Euskal Herriko txirrindularitza zaleen artean. 9 urte bete zituen aurtengo maiatzean. Iritzi artikuluak eta podcastak argitaratzen dituen blogaz gain, denboraldiko lasterketa garrantzitsuenetan kinielak egiteko aukera eskaintzen du, sarean eta doan. Frantziako Tourra izaten da kiniela gehien batzen dituen lasterketa, eta aurten iazko marka hautsi dute. 14.665 kinielako langa igaro dute jadanik.

Txirrindularitza informatika eta euskararekin uztartzen dituen elkartea da Tropela. Larunbatean, 13:00ean, hau da, lasterketa hasi bezain laster, bukatuko da kiniela egiteko epea. Gainera, sariak banatuko dituzte lasterketa bukatuta, Laboral Kutxarekin lortutako akordioari esker.

Erabiltzaileek 22 txirrindulari aukeratu beharko dituzte, eta horien emaitzen arabera puntuak banatuko dira. Puntu gehien lortzen dituenak irabaziko du lehiaketa. Lasterketa bakoitzeko sailkapen orokor bat dago, eta erabiltzaile guztiek parte hartzen dute. Gainera, tropeltxoak deitutako sailkapenak ere badaude, lagunen artean sor daitezkeenak.

Frantziako Itzulian, adibidez, hamabi multzoren artean aukeratu behar ditu txirrindulariak erabiltzaile bakoitzak. Bi hautagai nagusi daude lehenengo multzoan, eta horietatik bakarra aukeratu daiteke: Alberto Contador ala Chris Froome. Vincenzo Nibali, Joaquim Rodriguez eta Alejandro Valverderen artean, bakarra aukeratu behar da, eta "beste hautagaiak" izeneko multzotik, hiru. Beste bederatzi multzo daude aurten: igotzaileak, espezialistak, euskaldunak, azkarretan azkarrenak, azkarrak, beste azkarrak, ehiztariak eta besteen bi talde.

Beste lehiaketetan parte hartzeko aukera dago Tropelan. Aurten, gainera, zortzi lasterketa berri hasi dituzte. Guztira, 20 dira: Tourraz gain, beste bi Itzuli Handiak, Euskal Herriko Itzulia, astebeteko itzuliak, klasikoak eta Munduko Txapelketa. Gizonezkoen zein emakumezkoen probetan parte hartu dezake erabiltzaileak.