Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra 2023

UCI-ren erabakia

Froome: 'Ez dut dudarik izan auzia artxibatuko zutenik, ez bainuen ezer okerrik egin'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Txirrindulari britainiarra 'oso pozik' agertu da UCIk bere auzia artxibatzeko erabakia hartu duelako.

  • Chris Froome. Argazkia: EFE

    Chris Froome. Argazkia: EFE

Chris Froome (Sky) txirrindulari britainiarra "oso pozik" agertu da UCIk (Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna) bere auzia artxibatzeko erabakia hartu duelako. Bere esanetan, erabaki hori "une garrantzitsua da txirrindulariarentzat". Gaineratu duenez, ez du sekula zalantzarik izan erabaki hori helduko zenik, "ezer okerrik" egin ez zuela irizten baitio, nahiz eta joan zen Espainiako Itzulian kontrako emaitza eman zuen salbutamolezko gehiegizko maila emateagatik.

"Oso pozik nago UCIk kargugabetu egin nauelako. Ebazpen hori niretzat zein nire taldearentzat erabaki handia izanagatik ere, txirrindularitzarentzat ere une garrantzitsua da. Kirol erraldoi honen historia ulertzen dut, alde onak eta alde txarrak. Betidanik hartu dut oso serio nire lider postua, eta beti egiten ditut gauzak ondo. Irabazlearen maillot bat sekula desondratuko ez dudala adierazi nuenean, benetan ari nintzen, baita nire emaitzek denboraren proba gaindituko zutela ere", azaldu du Froomek ohar baten bitartez.

"Ez dut sekula zalantzarik izan auzia artxibatuko zutenik, arrazoi sinple bategatik: beti jakin dudalako ez nuela ezer okerrik egin", erantsi du Frantziako Tourra lau aldiz irabazi duen kirolariak. "Txikitatik izan dut asma, eta zehatz-mehatz dakizkit zein diren asma zaintzeko erabiltzen dudan botikaren gaineko arauak; hartara, nire sintomak baimenduta dauden mugen barruan kontrolatzeko besterik ez dut erabiltzen inhalagailua", zehaztu du.

Froomek normaltzat hartu zuen, "UCIk Espainiako Itzuliko azterketako emaitzak aztertu behar izatea". Haatik, ez zitzaion batere egoki iruditu emaitza horien nondik norakoak argitaratzea. "Zoritxarrez, auziko xehetasunak ez ziren sekretupean gorde, hala egon behar bazuten ere. Gainera, inork baino hobeto dakit zelako frustrazioa sortu duen auziaren ebazpenak eta horrek eragin duen ziurgabetasuna. Pozten naiz amaitu egin dela azkenerako", azaldu du.

Brailsford: 'Erabateko konfiantza izan dugu beti Chrisengan'

Bere aldetik, Dave Brailsford Sky taldeko buruak nabarmendu duenaren arabera, "erabateko konfiantzan izan dute beti Chrisengan eta haren zintzotasunean". "Bagenekien Espainiako Itzulian bere asma kontrolatzeko osasun-jarraibide egokiak jarraitu zituela, eta seguru ginen kargugabetu egingo zutela. Erabaki genuen zuzena zela lehiatzen jarrai zezala, UCIren arauei jarraikiz, auzia ebazten zen bitartean. Pozik gaude orain ebatzi delako", adierazi du.