Frantziako Tourra
Tourretik kanpo
Froome: "Espainiako Itzulia helburu errealistagoa da"
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ineosek Frantziako Tourrerako txirrindularien zerrenda eman du jakitera, eta bertan ez daude ez Chris Froome ezta Geraint Thomas ere.
-
Chris Froome.
Chris Froome britainiarraren esanetan, "helburu errealistagoa" da Ineos taldeak Frantziako Tourreko zerrendatik kanpo uztea eta Espainiako Itzulia lehiatzea. Izan ere, Tourra lau aldiz irabazi duen txirrindulariaren aburuz, une honetan ez litzateke gai izango Tourrari aurre egiteko beharrezkoa den maila fisikoa emateko.
"Doikuntza bat egin behar izan dugu. Nire istripuaren ondoren nondik natorren begiratzen baduzu, pozik nago txirrindularitza profesionalari berrekin ahal izango diodalako. Frantziako Tourrerako taldean behar dena eman ezin dudala uste dut. Espainiako Itzulia helburu errealistagoa da. Eroriko handi baten ondoren nator, eta haustura asko izan ditut. Ez daukat min gehiagorik, baina pausoz pauso joan behar dugu", azaldu du Froomek.
Dauphinen parte hartu ondoren (71. postuan sailkatu zen garailearengandik ia ordu eta erdira), Ineosentzat argi geratu zen bere sasoi fisikoa ez zela egokia hilaren 29an Nizan hasiko den Tourrerako, eta, ondorioz, teknikariek Richard Carapaz ekuadortarra deitu dute bere postua betetzeko. Horrez gain, Geraint Thomas galestarra Italiako Girorako bideratzea ere erabaki dute.
Froomek bi aldiz irabazi du Espainiako Itzulia (2011n eta 2017an).
Ineos taldea Egan Bernal, Richard Carapaz, Andrey Amador, Jonathan Castroviejo, Michal Kwiatkowski, Luke Rowe, Pavel Sivakov eta Dylan van Baarle txirrindulariekin joango da Frantziako Tourrera.