Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra 2023

10. ETAPA

Nielsen daniarrak irabazi du Megeven, eta Pogacarrek lidergoari eutsi dio

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Jardunaldia lasterketa neutralizatzera behartu duen protesta batek markatu du.

  • Nicholas Schultz eta Magnus Cort Nielsen amaierako esprintean.

    Nicholas Schultz eta Magnus Cort Nielsen amaierako esprintean. Argazkia: EFE.

Magnus Cort Nielsen (EF) daniarrak irabazi du Megeven amaitu den Frantziako Tourreko hamargarren etapa, Nicholas Schultz (BikeExchange) zeelandaberritarraren aurretik.

Tadej Pogacar (UAE) esloveniarrak elastiko horiari eutsi dio. 11 segundoko abantaila du Lennard Kämna (BORA) alemaniarrarekiko, zeinak eguneko ihesaldian parte hartu duen eta tropel nagusiarekiko ia 9 minutuko aldearekin iritsi den helmugara.

Etaparen amaiera emozioz beteta egon da, izan ere, erasoak etengabeak izan dira ihesaldian azken unera arte iraun duten kideen artean. Azkenik, Schultzen eta Nielsenen arteko esprint itxi-itxi batean erabaki da garaipena, Nielsenek bereganatu duena. Daniarra aurtengo edizioko parte-hartzaile aktiboenetako bat izaten ari da, besteak beste, mendiko erregearen maillota eraman zuen lehen jardunaldietan.

Kämnak irabazlearengandik 22 segundora igaro du helmuga (10. tokian), eta horri esker bigarren jarri da sailkapen nagusian, Pogacarren atzetik 11 segundora. Esloveniarrak azken metroetan esprintatu egin du eta horrek lidergoari eustea ekarri dio. Tropel nagusiko buru zela igaro du helmuga UAEko taldeburuak.

Iaz bigarren sailkatu zen Joanes Vingegaard (Jumbo-Visma) sailkapen nagusiko hirugarren postuan dago orain, 39 segundora. Atzetik du Geraint Thomas (INEOS) britainiarra, 2018ko irabazlea, 1:17ra.

Errepidea moztuta

Lasterketa geratu egin behar izan dute minutu batzuez errepidea moztu duen klima aldaketaren aurkako protesta baten ondorioz. Ihes egindako txirrindulariek hura saihestu ahal izan badute ere, antolatzaileek lasterketa neutralizatzea erabaki dute, tropelaren zati handienak manifestazioarekin topo ez egiteko.

Asteazkenean goi mendiekin hitzordua

Asteazken honetan txirrindulariek jardunaldi zailenetako bati aurre egin beharko diote. Goi mendiko etapa bat izango da eta Col des Lacets de Montvernier (2. mailakoa, 3,4 km eta % 8,2ko batez besteko maldak), Telegraphe (1. mailakoa, 11,9 km eta % 7,1eko batez besteko maldak), Galibier (berezia, 17,7 km eta % 6,9ko batez besteko maldak) eta Col du Granon (berezia, 11,3 km eta % 9,2ko batez besteko maldak) igo beharko dituzte. Galibier izango da txirrindulariek aurtengo Tourrean igoko duten mendaterik garaiena, 2.642 metrokoa.