Espainiako Vuelta
Gonbidapen gutxiago
Gonbidapen bat gutxiago emango du Vueltak, 22 talde izan daitezen
Erredakzioa
World Tourra 19 taldera zabaltzeko erabakia ustekabean harrapatu du Espainiako Vuelta, eta, lau talderen ordez, hiru gonbidatuko ditu.
-
Joaquim Rodriguez Omaneko Tourrean. Argazkia: EFE.
Lau talderen ordez, hiru gonbidatzea erabaki du Espainiako Vueltak, 22 taldeko tropela mantentzeko asmoz. Kirol Arbitrajeko Auzitegiak Joaquim Rodriguezen Katusha ProTour taldetzat onartuta, txirrindularitzaren lehenengo maila, 18 talde izatetik, 19 izatera pasatu da. Erabaki hori hartu zuen UCIk, lizentzia lortu zuen talde bati kendu beharrean.
Paris-Niza lasterketak 23 talde izango ditu, hau da, 19 ProTourrak eta jadanik gonbidatu zituen lau taldeak: Cofidis, IAM Cycling, Sojasun eta Europcar. Dauphiné Libéré Criteriumak ere lau gonbidapenak mantendu ditu (Cofidis, Europcar, Bretagne eta NetApp), eta 23 talde izango dira. Frantziako Tourrak, aldiz, gonbidapen bat baztertzea erabaki du, 22 taldetik ez pasatzeko. Espainiako Vueltak ere erabaki bera hartu du. ASOk antolatzen ditu lau lasterketak.
Javier Guillén, Vueltako zuzendaria, ustekabean harrapatu du UCIren erabakia. Biciciclismori emandako elkarrizketa batean, lau gonbidapen ematea gustatuko litzaiokeela esan du Guillenek, baina nahiago du "22 taldeko tropela" izatea. Soilik hiru 'wild card' emanda, Vueltak gonbidatutako taldeen artean egotea are zailagoa bihurtuko da. "Noski, tartea txikitu digute", dio Guillenek, Puritoren Katusha gonbidatzea "oso erakargarria" zen arren, eta segur aski, 'wild card' bat izango luke.
Vueltako zuzendariak "eskakizun dezente ditu, batez ere Frantzia eta Italiakoak", baina badirudi Caja Rural eta Cofidis Vilanova de Arousako irteeran egongo direla. Tourraren gonbidapenak aditzera eman arte, Vueltak ez ditu bereak erabakiko.