Itxi

Espainiako Vuelta

2011n

Espainiako Vuelta Euskaditik pasako dela baieztatu du Jaurlaritzak

Erredakzioa

Patxi Lazcoz Gasteizko alkateak esan du albistea "zoragarria" dela, "Gasteiz eta Araba txirrindularitza zaleak direlako". Iñaki Azkuna Bilboko alkatea ere lasterketa hartzearen alde agertu da.

Patxi Mutiloa Eusko Jaurlaritzaren Kirol zuzendariak baieztatu egin du Unipublicekin akordioa lotu dutela 2011ko Espainiako Itzulia, 34 urteren ondoren, Euskadira itzul dadin.

Mutiloak zehaztu du "gauza asko daudela ixteko" Itzulia antolatzen duen enpresarekin, "etaparen amaierak eta ibilbideak argitzeke daude, baina horretan ari gara". Eusko Jaurlaritzaren Kirol arduradunak esan du gai horiek itxi behar dituztela "abendua aurretik, orduan aurkeztuko baitute ibilbidea".

Mutiloaren esanetan, helburua "kirol pisu handiko bi etapa erakargarri" egitea da, hori dela eta, "azkeneko etapa baino lehenagoko ostiralean eta larunbatean" pentsatzen ari omen dira.

Azaldu duenez, ostiraleko etapa "Bilbon amaitzea" da asmoa, "lasterketaren historiaren ispilu delako", izan ere, bertan "hasi zen lasterketa" 1957an, eta "Itzuli asko amaitu". Bien bitartean, bigarren etaparen amaiera Araban izango litzateke, hiriburuan hain zuzen ere.

Etekina eta kostua

Kirol alorretik aparte, Mutiloak azpimarratu du ekonomikoki aukera ona dela Euskadik Itzulia hartzea, "18 taldez, teknikariez eta azpiegiturez gain, kanpoko 2.500-3.000 pertsona mobilizatzen baititu".

Kostuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak "zerbait jarri beharko" duela esan du, giza baliabideei eta ekonomikoei erreferentzia eginez.

Gasteiz eta Bilbo, alde

Patxi Lazcoz Gasteizko alkateak gustura hartu du Espainiako Itzulia Euskaditik igaroko dela dioen albistea, "Gasteiz eta Araba txirrindularitza zaleak direlako".

Iñaki Azkuna Bilboko alkateak, bere aldetik, Facebooken idatzi du bere iritzia oporretan dagoela eta gogora ekarri duenez, "nire bigarren agintaldian mozio bat egon zen eta Bilbora edonolako kirol ekitaldiak ekartzearen alde bozkatu genuen, bai Espainiako Itzuliaren kasuan, baina Frantziako Tourraren kasuan; beraz, argi dago nire iritzia".