Itxi

Espainiako Vuelta

Espainiako Vuelta

Euskadik Vuelta babestu du, baina protestak izan dira

Erredakzioa

Muñecas mendatetik sartu da lasterketa Euskadira. Mendatean, zaleen artean, mugimendu abertzaletako kideek pankartekin hartu dute Vuelta.

04:57
Protestak, Espainiako Txirrindularitza Itzulia Euskadira heltzean

Espainiako Vuelta euskal errepideetara itzuli da 33 urte geroago. Ez da istilurik izan eta milaka zale errepideetan bildu dira, batez ere Ganguren mendatean. Gainera Igor Anton etxeko txirrindulariak irabazi ondoren eguna biribila izan da. Hala ere, ibilbidean zenbait protesta izan dira lasterketaren aurka.

Muñecas mendatetik, Kantabriatik, sartu da lasterketa Euskadira. Mendatean, zaleen artean, mugimendu abertzaletako kideek pankartekin hartu dute Vuelta. Besteak beste, Esait euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko plataformako kideak eta Tasio Erkizia ezker abertzaleko buruzagi beteranoa bertan izan dira. Euskal presoak gerturatzea eskatu dute manifestariek.

Segurtasun neurri handiak izan dira eta ez da istilurik izan lasterketa Euskadira sartu denean. Igor Anton ihes eginda zegoen dagoeneko eta zaleek txaloka hartu dute, beste hiru txirrindulariekin batera.

Apoteosia Ganguren mendatean heldu da. Lau kilometroko mendatea Bilbotik gertu zegoen eta bi aldiz igo dute txirrindulariek.

Errepidea jendez lepo zegoen eta Tourreko etapa ematen zuen, izan ere, txirrindulariek banan-banan pasatu behar izan dute zaleen artean.

Igor Antonek aitaren batean igo du mendatea bigarrengoz. Jaitsiera egin eta Bilbon sartu denean zaleen babesa areagotu egin da.

Bilboko Kale Nagusia jendez lepo zegoen. Milaka lagunek Anton eta gainerako txirrindulariak txalotu dituzte.


Protestak Kale Nagusian

Helmugatik metro gutxira, Kale Nagusian eta TVEko kameren alboan manifestariak jarri dira, 'Euskadi ez da Espainia' eta "Euskal Herria askatu' leloak zituzten pankartekin.

Presoen amnistiaren eta independentziaren aldeko oihuak entzun dira txirrindulariak pasa direnean.