Artea
Elkarrizketa
Jokin Irungaray: 'Euskarak digu askatasuna ematen'
Jokin Irungaray (1987, Itsasu, Lapurdi) artistak aniztasunean aurkitu du bere egonkortasuna: musikari, antzerkilari eta ipuin-kontalari, maite duena bere ogibidea ere bada, euskaratik eta euskaraz.
-
jokin Irungaray. Argazkia: EKE
Uztaritzeko Hartzaro festibalak ostegun gizenaren ohidura berriz plantan eman nahi izan du, aurten: artista gaztea izanen da « Tutak » tobera mustrako taula-zuzendari, heldu den otsailaren 7an.
Nahiz eta zure haurtzaroa ez hain urrun izan, ez da arras leuna izan, zu ikastolako ikasle izanki...
Ez zen gerla, baina umiliazio ttipiak bizi izan ditut, bai... Familia militante batean hazi naiz, abertzale eta euskalzale giroan. Itsasuarra, baina Uztaritzeko ikastolan ikasle. Herriko eskolan ez izateak ez zuen integrazioa errazten, eta ikastolan izateak, oraindik gutiago! Batez ere Itsasuko pilota elkartean, ikastolako bi haur ginen han, eta atentzio berezia genuen... Adibidez, taldeko argazkiaren eguna zelarik, gu biak ez gintuzten abisatzen zuriz jantzirik jin behar zela, eta argazkiko bi tatxak ginen! Eta ez da behin gertatu, ez eta hori bakarrik... Euskaldun izatearen kontrako erasoak franko urrun irudikatzen ditugu, gaurko egunean, baina ez da hala! Oroit naiz, Kanbon ikasle nintzelarik, zer tu botatze partidak egiten genituen, guk Xalbador kolegiokoen eta Errobi kolegiokoen artean! Gaur egun, badakit Errobiko ikasle batzuek Xalbadorrekoak miresten dituztela... Garaiak aldatu direla...
Horrelakoetan, musikak laguntzen du gauzak aldatzen, mugak hausten?
Bai, osoki: atabalak eraiki nau. Ttipitik, atabala jotzen errabiatua nintzen! Ene osaba bat Marokon izan zen, eta handik alimaleko panderoa ekarri. Hartan jotzen hasi, eta ez sekula gelditu, aita-amak sesituak ziren! Atabala zortzi urtetan ikasten hasi nintzen, Uztaritzeko musika-eskolan. Ez nuen bateria jotzen ikasi nahi: atabala baizik ez nuen gogoan! Eskolako erakasleak eskaini zidan atabala jotzen erakastea, nik bateria jotzen ikasten baldin banuen. Ni kexu, baina ados! Hamahiru urtetan, Baionako kontserbatorioan sartu nintzen, ene lehen erakaslearen senarra perkusio-erakasle izanki han. Baina adin berean plazaz plaza hasi nintzen, atabala ez baitzen modan, eta ez baitzuen nehork jotzen, denetan galdegina nintzen, batez ere dantza-lekuetan. Garaian, mutxikoak ez ziren irudikatzen ahal atabalarik gabe; Xiberoan, dantza batzuk baziren atabalaz soilik ematen zirenak. Dena den, horri esker egin ahal izan ditut Itsasuko karatoxak. Horrek nau arrunt berriz integratu herrian. Horregatik ere naiz kaxkarotei biziki atxikia, istorio pertsonalatik haratago, sozializazio-rol handia baitute herrian.
Zer herri-giro dago Itsasun?
Duela ez hain aspaldi, denak bereiziak ziren: Goxoki gaztetxea, dantza-taldea, klika, besta-komitea... Ez zen batere nahasten! Gaur egun, ordea, dena aldatua da, eta erran behar da Gillen Hiribarrenek anitz egin duela, hori bultzatzeko. Gazte guziek dute herri-giroa bermatzen.
Kabalkada antolatzeko, lagungarri izan daiteke...
Egia da, lehen, kabalkada jende abertzale eta euskaltzaleak muntatzen zuela, eta herritar batzuk ez zirela ikustera joanen ere. Herritar horiek toberetan parte-hartzen dute, gaur egun! Alta, joan den udan, gai biziki abertzaleak sartu ditugu. Bistan da batzuk kexu zirela, baina gehien-gehienak ez... Onartu dute, gainera parte-hartuz!
Lotura azkarra bada, kultura eta politikaren artean?
Nik hala bizi dut. Dijonen sortu banintz, ez nintzen artista izanen. Ez naiz, artistikoki, hain fina. Baina euskalduna naizelako, jendeak horren gosea badu. Eta euskal kulturak horren beharra baitu. Jendeak badu euskal kulturaren beharra, eta kulturak badu artista euskaldunen beharra. Harreman hori beharrezkoa da. Xan Errotabeherek edo nik ez badugu ipuinik kontatzen, nork eginen du? Iparraldean, hortaratuak gara.
Baina ez zara, beraz, beti artista bezala hartua, baizik eta militante gisa... Hori nola bizi duzu?
Ez da beti erraza. Eta badakit batzuek nik baino aise gaizkiago bizi dutela. Joseba Tapiak, adibidez, hori ez du jasaten: osoki artista izan nahiko luke, bere militantziaz aparteko zerbait. Ni ere, batzuetan, sesitua naiz horrekin... Baina ene burua artista-militante gisa ikusten dut. Frantsesez kantatzea, edo antzeztea, errefusatzen dut. Baina ez da ideologikoki bakarrik, artistikoki ere ezinezkoa baitzait. Entseatu izan naiz, eta desastre hutsa atera zait! Nahiz eta amaren hizkuntza izan...
Alta, Euskal Herriko artista batzuek diote erdaraz aritu behar dutela, atera nahi baldin badute...
Nik ez dut atera nahi! Serioski, ateratzekotan ere, ez dakit frantsesa litzatekeen bidea. Edo hemendik joan beharko nuke, Bordelen bizi eta han aritu. Gisa guziz, badakit ezker edo eskuin ibili, euskal artista bezala hartua izanen naizela. Euskal artista izanez, biziki zaila zait euskaraz ez sortzea. Eta kexu naiz artista batzuen kontra, Euskal Herriaz, gure kulturaz eta gure lanaz baliatzen baitira beren sosarendako. Mirakulu bat biziarazten dugu, badu 700 urte gure desagertaraztera entseatzen direla, eta oraindik hor gara! Eta batzuek diskoak saltzen euskaldunak direlakoan, errealki zangopilatzen eta gorrotatzen dutelarik gure kultura, horrez gain frantsesez ere kantatuz.
Zu ikusgarri-intermitente zara: estatus egokia ote da euskal artistendako?
Enetako, bai. Frantziak ematen duen opari bakarra da: har dezagun! Anitz ordaintzen dugu, garena izatea ez digutelako onartzen, euskaldunoi... Horregatik, kontzientzia-arazo izpirik ez dut horrekin. Hegoaldeko artistak jelos dira, halako zerbait nahiko bailukete. Estatu frantsesean diren artisten arteko elkartasun-kutxa da, eta gobernuari ez zaio deus kostatzen... Horrela izanez, ene denbora osoa arteari eman diezaioket: gure kulturak denbora eskain diezaiogun merezi du!
Artea ogibide bakarra izateaz kontent, beraz...
Bai, kontent, ikusiz, gainera, batzuek nolako lan-eskasia duten. Ez dakigu sekula nolako biharamuna izanen den, arrunt guti ari baikara epe luzeko gauzetan. Baina torturatua nintzateke bertze ofizio bat egin beharko banu ondoan. Jadanik, berez, lan torturagarria baita, beti ezker-eskuin, tenorerik gabe. Maitatua ala kritikatua, beti plazan, beti begiradaren pean... Oraindik badira xahar batzuk galdegiteko: "ados, artista haiz, baina zer duk hire lana?". Aldatzen ari da, hori dena. Nik, adibidez, aitaren begiradan ikusten dut: lehen, ene ofizioaren alderdi batzuk ez zituen aise jasaten... Nahiz eta ez didan sekula deus erran – beti lagundu nau, orain ikusten dut errespetuz betea dela.
Nola aurkitzen ote duzu zure oreka?
Aniztasunean. Musika-erakasle lanetan entseatu izan naiz, baina biziki gaizki bizi izan dut. Aldiz, biziki pedagogikoa izan naiteke ene artista-ikuspegia pasarazteko, eta Lagunarte konpainiaren – han aritzen naiz - filosofia hori da: erakasle baino, artistak garela, eta entseatzen garela gure ikuspegia partekatzen, begiak irekarazten, belarriak luzarazten. Horretatik aparte, Kattalin Salaberrirekin, Uztaritzeko ikastolan andereño ukan nuena, Eleka konpainia sortu dugu, istorio-kontalaritzaren inguruan josia dena. Horretaz aparte, kolaborazio franko egiten dut dantzaren inguruan, musikari gisa beti. Holako dantzaldi-taldean ere parte-hartzen dut, baita Zezenaren Taldean ere. Beraz, aniztasun horrek baimentzen nau gure kulturan egoteak, eta horretan aitzinatzea. Gisa guziz, ez da gehiago posible talde bakarrean gelditzea, eta berezitzea.
Zezenaren Taldearen kontzeptu berezia azal dezakezu?
Hori arrazoi sinple batengatik sortu da: Garaziko gure lagunek besta egiteko bertze aukera bat bilatzen zuten, ezkontza faltsuak sortu, Balkaneko giroarekin, Emir Kusturicaren Chat Noir, Chat Blanc filmean bezala. Delirio horretatik sortu da Zezenaren Taldea, eta lehen urteetan Kusturicaren eta Goran Bregovicen kantuak berriz hartu eta moldatu ditugu, Punky Boltxebik kontzeptupean. Orain, bada urte bat sorkuntzan ari garela, gure zazpigarrena sortu berria dugu. Zerbait hibridoa da, gure sorkuntzak egiten ditugu, batere gurea ez den musika estilo batean. Gure sorkuntza bat entzungai dago egun hauetan, Trabuko mamia, otsailean beharra den Gazte Egunaren karietara plazaratu duguna.
Zuen testuek, gauzak aldarrikatzen dituzte?
Sustut ez! Alimaleko astakeriak botatzen ditugu... Barazki jaleak biziki lanjerosak direla, adibidez, gure amatxien plat onak desagertaraziko baitituzte... Trabuko Mamia kantuan, ez genuen bertze taldeek bezala egin nahi, erran nahi baita: "Gazte, oldar hadi Euskal Herriarentzat, Euskal Herria askatu, frantsesak eta espainolak itsusiak dira..." Orduan mutiko tetele baten istorioa sortu dugu, beti telebistaren aitzinean dagoela, eta erraten diogu bere bizitza hutsa dela. Edo erraten da beti Euskal Herriak gure beharra duela, baina ez ote dugu guk Euskal Herriaren beharra? Horrela itzulikatu nahi izan ditugu gauzak.
Euskal musika aldarrikatzailea zertan da?
Modaz pasatzen ari, nahiz eta oraindik martxan den. Baina pertsonalki, ez naiz hain gustuan betiko mezu horiekin... Gaurko kontestuan, badute halako sinple aire bat, errealitatetik kanpo... Eta jendeak aspaldidanik entzuten ditu mezu berak. Ene iduriko, euskararen behar gorri hura dugu atxiki behar, eta ildo horretatik aritzea zilegiagoa zait. Gure aldarrikapenak kantuen gai frontalak izateko ordez, zeharkakoak izan daitezen. Amodioaz euskaraz aritzea, guda bat da, enetako. Euskarak digu askatasuna ematen.
Eta euskarari toki bat gehiago emanen diozue Uztaritzeko Hartzaro festibalean...
Pierre Haira antolatzaileak ostegun-ihautea berriz plantan eman nahi izan du, aurten, eta horrekin batera, toberak. Uztaritzeko zahar batzuk oroit dira egiazko toberak bizi izanik, gauaz, tuta eta galarrotsekin oihan batean, hortik hurbil zen baserri bateko jabearen kontra. Zinezko toberak ziren, pertsona bakarraren kontrakoak. Sinplea eta basa: horrelakoek asteak eta asteak irauten ahal zuten! Gaur, kabalkadarekin lotzen dugu, baina kabalkada zen tobera afrusaren bukaeran ematen zen gauza ederra... Pierre Hairak toberak nahi zituen oinarri, beraz, zerbait garaikideagoa sortuz. Lau zatitan banatua izanen da, musika sorkuntza bat dela haria, lekuko lau musika-talde desberdinekin; horien musikaren gainean dira dantzariak ariko. Lau zati ukanez, hiru atsedenaldi badira, satirismoa sartzeko, hori baita, ene iduriko, toberaren muina. Hor, antzerkiak eta bertsoak ukanen dute tokia. Hiru pertsonaiak, apeza, auzapeza eta laboraria, gehienbat bertsoka ariko dira, aitzinetik idatzi dituztenak, eta parean, bi bertsolari, Gillen Hiribarren eta Odei Barroso, ukanen dituzte, errefera bat-batean botatzeko. Hor, beldur pixka bat badut: bertsoa, orokorki, franko urrun gelditzen zaie Uztaritzeko biztanleei.
Jakinez, gainera, franko herri erdalduna dela...
Bertsoa ez zaie gustatuko, hori segur da. Baina ez dugu beti amore ematen ahal... Joseba Tapiak erraten duen bezala, beti elebidunean ari gara, erdaldunak beti elebakar geratzeko. Salbu, gure hizkuntzak ere hatsa hartu behar duela: ez da beti hizkuntza nagusi batekin ibiltzen ahal, batez ere kultura-arloan...
Toki hegemoniko famatuak...
Ni zinez kexatzen naiz Uztaritzen Zanpantzar elebidunez egin behar izaten dugularik. Ez da batere hori bidea, ene iduriko, bertze hizkuntzetakoak guregana erakartzeko. Aterabide bat da Pierre Hairak gibeletik egiten duen lan guzia jendea elkartzeko. Baina gero puntan frantsesa sartzea, eni ezinezkoa zait. Itsasun ez dugu egiten, ez eta bururatu ere! Frantsesa denetan da: horrelako ekitaldietan ez baldin bagara euskaraz goxoki aritzen ahal, gure hizkuntzak non izanen du lekua? Egin daiteke hosto bat, frantsesez, ikusgarria aitzin banatuko litzatekeena zer gertatuko den esplikatzeko, haria segitzeko gisan. Baina gehiago, ez! Duela hogei urte, ez zen asmatzen ahal Zanpantzar frantsesez erretzea. Nork daki, hogei urteren buruan, maskaradetan ez ote dugun frantses hizkuntzarik sartuko? Kontzientzia hein bat atxiki behar da.
Toberetako gai egokia litzateke...
Ateratzen da, eta beharrik! Baina beharrik ere toberak, lehengo egiteko moldean, desagertu direla. Biziki bortitzak ziren: herri guzia presuna bakarraren kontra. Gaur egiten den berrirakurketa arrunt gustukoa dut: herri bateko zoritxarrak plazaratzea. Xabier Itzainak azpimarratzen duen herriko morala kontzeptua, biziki interesgarria izan daiteke gure kulturarendako. Morala hori ez zen elizako moralari edo errepublikako moralari lotua, independentea zen. Horretatik abia gaitezke, gure herrietan zainak libratzeko. XXI. mendeak ekartzen dituen frustrazio guziekin, batez ere harremanetan, herritarrek norapait askatu behar dute.