Artea
Erakusketa
60 urtean salgai izandako Oteizaren artelan kopuru handiena, eskuragai
9.000 eta 120.000 euro bitarteko salneurria dute. 20 lan daude Michel Mejuto galerian ikusgai bere heriotzaren 10. urteurrenean: artistaren 18 eskultura eta bi marrazki.
Bilboko Michel Mejuto galeriak Jorge Oteiza artistaren azken 60 urteotako lanen bilduma handiena jaso du. Bere kutxa hutsak eta kutxa metafisikoak erosi daitezke, eta baita alabastrozko eta brontzezko piezak ere. 9.000 eta 120.000 euro bitarteko salneurria dute.
Egile ezagunaren omenezko erakusketa bere heriotzaren 10. urteurrenarekin bat eginez antolatu dute eta 20 lan jasotzen ditu guztira: 18 eskultura eta bi marrazki. Bilboko galerian martxoaren 27ra arte izango dira. Lan guztiak daude salgai, bildumagile bati egindako marrazki bat eta eskulturetako bat (Bilboko bildumagile batena da) izan ezik.
Michel Mejuto, izen bereko galeriaren arduradunaren arabera, artelanak eskuratzeko "momentu ona" da, izan ere, "Jorge Oteizaren lehen mailako lanak dira, baina momentu ekonomiko potente batean baino prezio jasangarriagoetan" eskuratu daitezke. Esan duenez, bi urte eman dituzte piezak bilatzen eta erosten, 50eko hamarkada hasieratik 90eko hamarkada amaiera arteko lanak daudelarik, hau da, 40 urteko lana dago bertan. Burni forjatuan egindako lanak, alabastrozkoak, brontzekoak eta altzairuzkoak daude, eskultorearen inbestigazio lerro ezberdinen testuinguruan.